Gizartea -
Zientzia
Donostiak Zahartzaroaren Ikerketa Zentroa gal lezake
PSOEren Gobernuak eta Jaurlaritzak Donostian eraikitzea adostu bazuten ere, PSEk ohartarazi du balitekeela PPren Gobernuak Gasteizen egin nahi izatea.
Erredakzioa
Donostiako PSEk adierazi du Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Estatu idazkari berriak Zahartzaroaren Ikerketa Zentroa Gipuzkoako hiriburuan ez eraikitzea aztertzen egon litekeela.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzak eta PSOEren Gobernu zentralak zentroa Donostian eraikitzeko akordioa urratu, eta azkenean Gasteizen egitea aztertzen ei dagoela ohartarazi du.
Enrique Ramos zinegotzi sozialistak azaldu duenez, bere taldeak jakin du PPren Gobernu zentralak "presioa" jaso duela Gasteiztik, eta ondorioz, baliteke zentroa hiriburuz aldatzea.
Hori horrela, PSEk ekimen bat aurkeztuko du apirilaren 26ko osoko bilkuran, talde guztiek Donostia babes dezaten zentroaren egoitza gisa.
Ramosen esanetan, Cristina Garmendia ministro ohiak eta Patxi Lopez lehendakariak akordioa sinatu zuten zentroa Donostian egin, eta bi erakundeen artean finantzatzeko.
Iaz, Donostiako Udalak 14.000 metro karratuko lursail bat eman zuen zentroa Miramonen eraikitzeko. Guztira 300 eta 500 ikerlari artean izango lituzke, eta nazioartean erreferente bihurtzea izango luke helburu.