Gizartea -
delituak
28 urteko gizon bat espetxeratu dute Donostian, internet bidez adingabeei abusuak egiteagatik
Ikerketa zabalik dago oraindik, atzemandako material guztia ikusi eta beste biktima posible batzuk aurkitzen dituzten bitartean.
agentziak | eitb media
Ertzaintzak 28 urteko gizon bat atxilotu du, internet eta sare sozialen bidez adingabeei egindako mehatxuak eta sexu-abusuak leporatuta, eta Martuteneko (Gipuzkoa) espetxean sartu dute aste honetan.
Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak egindako "Icaro" operazioaren baitan atxilotu dute gizona, eta operazioan Ertzaintzako hainbat unitatek lagundu dute. Ustezko pederasta aste honetan sartu dute espetxean, Donostian agintari judizialaren eskuetan jarri ondoren.
Polizia-ikerketa joan den urtearen bukaeran hasi zuten, Ertzaintzak internet bidez adingabe baten aurka egindako mehatxuen eta sexu-abusuen salaketa bat jaso zuenean. Salaketatik abiatuta hasi zen ikertzen Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzua, eta lehenengo fasean otsailaren 11n gizon bat atxilotu zuten, Bizkaian.
Epailearen agindua eskatuta, ikerketako agenteak atxilotuaren etxean sartu eta miaketa egin zuten, eta guztira informazio digitala biltegiratzeko 18 gailu elektroniko atzeman zituzten.
Ebidentzia horietan eduki sexuala zuten adingabeen argazkiak eta bideoak aurkitu dituzte. Sare sozialetako kontu batzuk ere aurkitu dituzte agenteek, eta atxilotuak biktimei mehatxuak eta hertsapenak egiten zizkien horien bidez, eskatutakoa egiten ez bazuten irudi intimo konprometigarriak hedatuko zituela adieraziz.
Material horren hasierako analisiaren ondoren eta zegozkion eginbideak bete ostean, atxilotua agintari judizialaren eskuetan jarri zuten Donostiako epaitegietan, eta hortik Martuteneko espetxera eraman zuten, epaileak aginduta. Ikerketa zabalik dago oraindik, atzemandako material guztia ikusi (ehunka artxibo baitaude) eta beste biktima posible batzuk aurkitzen dituzten bitartean.