Gizartea -
Akordioa
Esparru digitalean euskara sustatuko dute Jaurlaritzak eta PuntuEUS Fundazioak
Proiektuak bi erronka nagusi ditu: arlo sozioekonomikoan, enpresetan .EUS domeinua indartzea, eta arlo pertsonalean, euskal herritarrei gailu elektronikoak euskarara itzultzeko aukera ematea.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak eta PuntuEUS Fundazioak elkarlan akordioa adostu dute, euskararen erabilera esparru digitalera zabaltzeko, eta .EUS domeinua indartzeko helburuekin.
Esan bezala, egitasmoak bi erronka nagusi ditu: arlo sozioekonomikoan, enpresetan .EUS domeinua indartzea, eta arlo pertsonalean, euskal herritarrei gailu elektronikoak euskarara itzultzeko aukera ematea.
Horretarako, enpresen eta erakundeen domeinuak aztertu, eta beharrezko pausoak emango dituzte, haiei formakuntza saioak eskaintzeko eta behar duenari arreta teknikoa emateko.
Hain zuzen ere, hamaika baliabide eskainiko dizkiete enpresa eta erakundeei; besteak beste, doako domeinua eta webgunea automatikoki itzultzeko plugina.
2022 honetan, Jaurlaritzak 50.000 euroko diru-laguntza emango dio PuntuEUS Fundazioari. Era berean, laguntza teknikoa eskainiko dio, aurretik martxan dituen proiektuak bideratzeko.
2017ko neurketaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko webguneen % 16k dute euskarazko edukiak, eta % 1,3 daude euskara hutsean. Domeinu bezala .EUS dutenen artean, berriz, % 84k dute euskara oinarri.