Gizartea -
Abisu horia elurragatik
Normaltasuna lagun errepideetan, lehen orduetako elurra desegin ostean
Hala ere, Opakuako mendateak (Araba) kamioientzat itxita jarraitzen du. Izotzagatik ezarritako abisu horia asteartera arte luzatu dute. Astelehen honetan eguraldiak apurka hobera egingo du.
Erredakzioa
Normaltasuna itzuli da euskal errepideetara, egunaren lehenengo orduetako elurrak eragin dituen arazoak gaindituta. Hala ere, Opakuako mendateak (Araba) kamioientzat itxita jarraitzen du. Gainera, Izotzagatik ezarritako abisu horia asteartera arte luzatu dute eta astelehenera arte elurragatik.
Euskal errepideen sare nagusia irekita dago, baino arretaz gidatu behar da Etxegaraten, N-1 errepidean, Nafarroan, eta Altuben, AP-68an, Araban. Gipuzkoan, arretaz gidatu behar da Oñatin eta GI-3591 errepidean zailtasunak daude izotza eta elurragatik.
Ur putzuek eta euriak hainbat istripu eragin dituzte euskal errepideetan, baina ez dute aparteko eragozpenik sortu. A-8an, Bilbo parean, bi istripu egon dira, baita Elgoibarren ere, bost zauriturekin, eta Antzuolan, Bergarara bidean.
Errepideen egoera gure webguneko trafikoko atarian jarraitu dezakezu, baita Jaurlaritzaren webgunean ere.
Asteburu desatsegina
Asteburu honetan, euria eta hezetasuna izango ditugu lagun, Euskalmet Euskal Meteorologiaren arabera. Horrela, igande honetan giro iluna nagusituko da eta euripean jarraituko dugu. Euri giroa gailenduko da eta tarteka mardul egingo du, bereziki kantaurialdean. Trumoiak ere jo dezake.
Haizeak ipar-mendebaldetik joko du, haize-bolada gogorrekin eta oso gogorrekin kostaldean eta mendi inguruetan; haize-boladek 70 km/h-ko abiadura gainditu dezakete haizeguneetan. Tenperaturan, ez dugu aldaketa handirik sumatuko eta elur-maila goizaldean eta gauean 800 metrora kokatuko da eta gainontzeko orduetan 1000-1200 metroren artean.
Astelehen arratsaldean, ordea, eguraldia altxatuz joango da. Goiz partean bustitik jarraituko dugu, baina arratsaldeak aurrera egin ahala, atertzera egingo du eta hodeiak arinduz joango dira. Hegoaldean lehenago atertuko du eta ostarte zabalagoak irekiko dira. Ipar-mendebaldeko haizea zertxobait ahulago ibiliko da, hala ere oraindik ufada zakarrak izango dira tarteka egunaren lehen zatian. Tenperaturan ez dugu aldaketarik sumatuko. Elur-kota 700-800 metro inguruan kokatuko da goizaldean eta goizean 800-900 metrora igoko da.
Abisuei dagokionez, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du igande honetarako goizaldeko lehen orduetarako eta gaueko azken orduetarako elurra dela eta. Astelehenerako eta astearterako abisua horia izango da ere, kasu honetan, elurragatik eta izotzagatik.
Asteartean, egunaren lehenengo partean zerua tarteka hodeitsu agertuko da. Arratsaldean, ordea, hodeiak ugaritu egingo dira eta zerua estalita geratuko. Haizeari dagokionez, bizi ibiliko da, bolada gogorrekin mendi inguruetan eta oso gogorrekin kostaldean, azken orduetan batez ere. Tenperatura minimoetan, aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira eta maximoak nahikoa edo nabarmen igoko dira. Arabako zenbait puntutan izotz txikia egiteko probabilitatea dago.