Gizartea -

Epaia berretsi du

Gorenak sarjentu bat zigortu du zortzi emakumeri eraso egitea egotzita

Aireko Armadako sarjentu bati ezarritako zigorra berretsi du Auzitegi Gorenak, Madrilen footing egiten zebilela, zortzi emakumeri eraso sexualak egitea leporatuta.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2010eko urtarrilean Aireko Armadako sarjentu bati ezarritako disziplinazko zigorra berretsi du Auzitegi Gorenak, Madrilen footing egiten zebilela, zortzi emakumeri eraso sexualak egitea leporatuta. Ondorioz, sarjentua zerbitzutik at geratuko da.

Mostoleseko epaitegi batek hiru urteko espetxe-zigorra ezarri zion Francisco Javier S.G. sarjentuari eta ondoren, 2010eko irailean, Defentsa Ministerioak zigorra berretsi zuen. Erabaki honen aurka sarjentuak helegite bat aurkeztu zuen baina Auzitegi Gorenak errekurtsoa baliogabetu du orain.

Epaiaren arabera, sarjentuak zortzi emakumezkoei eraso sexualak egin zizkien, kirol arropekin footing egiten zebilela. Horretarako, beharrezkoa zen indarra erabiltzen zuen edo emakumeak mehatxatzen zituen. Zirriak edo abusuak egin ostean, sarjentuak bertatik ihes egiten zuen. Delituak 2005eko ekaina eta urria bitartean jazo ziren.

Beste sarjentu kaleratu dute kokaina erostera bidaltzeagatik

Bestalde, Auzitegi Gorenak Lurreko Armadako Zaragozako sarjentu bat zerbitzutik kanpo ere utzi du, droga menpekotasun bat zuela, bere kategoriaren azpitik zeuden zenbait soldadu kokaina erostera bidaltzeagatik.

Horrela sarjentuak aurkeztutako helegitea bertan behera utzi du auzitegi honek. Defentsa Ministerioak bi zigor ezarri zizkion 2009. urtean "delitu ez diren disziplinaren, zerbitzuaren eta duintasun militarraren aurkako bi ekintzengatik" eta "drogak sarritan hartzeagatik".

Espediente zigortzaile honen arabera, 2007ko irailetik 2008ko otsailera bitartean sarjentu honek bost alditan bidali zituen hainbat soldadu kokaina erostera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea