Gizartea -
Erregearen safaria Botswanan
Sofia erreginak 20 minutuko bisita egin dio erregeari
Sofia erregina gaur joan zaio lehen aldiz bisitan Juan Carlos I.ari. Ospitaleko atarian adierazi duenez, erregea "oso ongi dago".
Erredakzioa
Sofia erregina astelehen honetan joan da lehen aldiz ospitalera Juan Carlos I.ari bisita egitera. Joan den larunbatean Madrilgo ospitale batean mokorreko ebakuntza egin behar izan zioten Espainiako erregeari Botswanako safari batean parte hartzen ari zela erorikoa izan eta gero.
Sofia erreginak adierazi duenez, medikuekin hitz egiteko aukera izan du eta erregearen bilakaera "ona" dela eta ospitaletik "laster" aterako dela esan diote.
"Oso ongi dago", adierazi die erreginak ospitale atarian bildutako hedabideei. Bisita laburra izan da, 20 minutu ingurukoa.
Espainiako erregeak, joan den larunbatean ebakuntza egiteko ingresatu zutenetik, gaur jaso du, lehen aldiz, Sofia erreginaren bisita, Espainiako erregina Grezian izan baita egunotan Pazko Ortodoxoaren ospakizunetan.
Asteburuan Asturiasko printze-printzesen bisita jaso du Juan Carlos I.ak, baita Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearena ere.
Espainiako erregeak elefanteen ehizan parte hartzeko Botswanara egindako bidaia zeresana ematen ari da, polemika handia eragin du.