Gizartea -
Erasoak
Hiru lagun atxilotu dituzte EAEn etxeko indarkeriagatik
Atxiloketak Barakaldon, Astigarragan eta Errenterian izan dira. 35 eta 53 urteko bi gizonezko eta 38 urteko emakumezko bat izan dira atxilotuak.
Erredakzioa
Ertzaintzak hiru lagun atxilotu ditu azken bi egunetan etxeko indarkeria egotzita. Horietako bat Barakaldon atxilotu dute, igandean, eta beste biak, astelehen honetan Astigarraga eta Errenterian.
Igandeko 10.00etan, Sestaoko Ertzaintza Barakaldoko Azkue erronda kaleko etxebizitza batera joan zen, ustezko eraso baten abisua jaso eta gero.
Emakume batek kolpeak jaso zituela ikusi zuten etxebizitzan eta bere bikotekide ohia, ustezko erasotzailea, ere bertan topatu zuten. 35 urteko gizona atxilotu eta zauritutako emakumea San Eloy ospitalera eraman zuten. Atxilotuak aurrekariak zituen emakumeen aurkako indarkeriagatik, aurretik bere bikotekide ohiari birritan eraso egiteagatik.
Bestetik, astelehenenean, 02.00etan, Hernaniko Ertzaintzak Astigarragako etxebizitza batetik abisua jaso zuen, ustez emakume batek tratu txarrak pairatu zituelako.
Liskar baten ondorioz, gizonezkoak ukabilkadak eta ostikadak eman zizkion, esan zietenaren arabera. Ustezko erasotzailea, 53 urteko gizonezkoa, atxilotu eta emakumea Hernaniko erietxera eraman zuten.
Azkenik, 04:30ean, Ertzaintza Errenteriako etxe batera joan zen istilu batengatik. Bertan, zauriak zituen gizonezko bat topatu zuten, eta emakumeak mehatxatu egin zuen ertzainen aurrean. Ondorioz, ustezko erasotzailea, 38 urteko emakumea, atxilotu egin zuten.