Gizartea -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Azkuna: 'Ez dut uste erregeak ordaindu izana elefante bat hiltzeko'
Bilboko alkateak kritikatu egin du Gobernuak eta Errege Etxeak safariari buruz "txarto" informatu dutela.
Erredakzioa
Iñaki Azkuna Bilboko alkateak (EAJ) zuhurtzia eskatu du Juan Carlos I.a erregeak Botswanan egindako safariaren harira, eta Errege Etxeak eta Gobernuak ez dutela ondo informatu kritikatu du.
Halaber, alkateak uste du estatuburuak ez duela "euro bakar bat ere ordaindu elefante bat hiltzeko".
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean, Azkunak azaldu du Errege Etxeaz ez hitz egiteko "ohitura ona" duela. "Erregina etorri zen azken aldian, hiruzpalau minutu hitz egiten egon ginen, gu bakarrik izkina batean, eta kazetariek 'zer esan dizu' galdetu zidaten, baina nik zera erantzun nien, ez dudala inoiz hitz egiten Errege Etxeaz, ez onerako ez txarrerako", gaineratu du.
Bilboko alkateak esan du bera ez dela ehiztaria, eta beraz ez duela ulertzen elefanteak edota beste animaliak ehizatzea. "Baina atzo, Madrileko tipo batek esan zidan erregea ez zegoela ehizatzen, baizik eta xeke arabiar batzuekin material espainiarra saltzen, ez dakit trenak, hegazkinak edo zubiak ziren. Eta haiek gonbidatu zuten ehizatzera", azaldu du.
Bandera errepublikanoa
Larunbatean Errepublikaren urteurrena izan zela eta, Azkunak zehaztu du berak ez zuela jarri bandera errepublikanoa Udaletxean, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak egin bazuen ere.
"Bildukoak Espainiako bandera jarri zuen, egin behar den bezala. Izan ere, bandera errepublikanoa bandera espainiarra da, eta nik errespetu handia diot", nabarmendu du.
Horren ildotik, Bilduk bandera espainiar bat jarri izana txalotu du: "Sarkasmoa da. Arren, 40 urtez entzun dugu EAJkoak eta PSOEkoak ez dakit zer garela, niri espainolista deitu didate eta deitzen jarraitzen dute Espainiako bandera jartzeagatik, eta orain haiek ni bezain espainolistak dira", iritzi dio.