Gizartea -

Murrizketen kontra

Sindikatuek eta gurasoek 'udaberri beroa' iragarri dute Hezkuntzan

STEE-EILAS eta UGT-Irakaskuntza sindikatuen iritziz, murrizketak enpleguaren kontrako "eraso zuzena" dira indarrean sartuz gero "ehunka irakasle kalera joango" direlako.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irakaskuntza Publikoko Estatuko Plataformak, irakasleen sindikatue eta gurasoen eta ikasleen elkarteek osatzen dute, "udaberri beroa" iragarri dute Hezkuntzan eta Espainiako Gobernuak iragarritako neurrien kontra mobilizatzeko deia egin dute.

Pepe Campos CCOOko Hezkuntza ordezkariak adierazi duenez, mobilizazioen data zehatzik ez dute jarri oraindik eta ez du baztertu egun osoko lanuzteren bat izatea.

Tohil Delgado Ikasleen Sindikatuko idazkari nagusiak hezkuntza punlikoaren alde eta Espainiako Gobernuak iragarritako "murrizketa basatien" kontra kalera ateratzeko deia egin du eta mobilizazioak maiatzean hasiko direla adierazi du. Jose Luis Pazos CEAPAko bozeramaileak, berriz, Wert ministroari jarrera zuzentzeko eta hezkuntza komunitateko ordezkariekin biltzeko eskatu dio.

Enpleguaren kontrako "erasoa"

Estee-Eilas eta UGT-Irakaskuntza sindikatuek Espainiako Gobernuak Hezkuntzan iragarritako neurriekin ez daudela batere ados erakutsi dute. Sindikatu horietako ordezkarien iritziz, irakaskuntza sektoreko enpleguaren kontrako erasoa izango dira, neurriak indarrean sartuz gero "ehunka irakasle kalean" geratuko direlako.

STEE-EILASek ohar batean adierazi duenez, "beste behin krisiaren ondorioak langileek pairatuko dituzte" eta murrizketak irakaskuntzaren kalitatearen kontrakoak direla salatu du.

Halaber, Espainiako Gobernua bere ikuspegiarekin "marra gorri guztiak gainditzeko eta EAEko eta Nafarroako eskuduntzak" ez betetzeko gai dela iritzi dio sindikatu horrek.

UGT-Irakaskuntzak, berriz, Wert ministroari Hezkuntza Sektoreko Mahaia deitzeko exijitu dio. Halaber Eusko Jaurlaritzari 2010ean sindikatu horrekin adostutako "irmotasunez" betetzeko eskatu dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea