Gizartea -
Lan-gatazka
Bi lagun atxilotu dituzte Tubos Reunidos enpresaren atarian
24 orduko greba egiten ari dira enpresan. Fabrikaren sarrera ixten ari omen zen piketearen kontra kargatu du Ertzaintzak eta atxilotuetako bat zauritu du.
Erredakzioa
Amurrioko (Araba) Tubos Reunidos enpresako bi lagun atxilotu dituzte gaur goizean Ertzaintzaren eta piketea osatzen zuten lagunen artean izandako liskarretan. Atxilotuetako bat zaurituta eraman dute eta agenteek kolpeak jaso omen dituzte.
7:15 aldera izan dira istiluak Tubos Reunidos enpresaren atarian. Enpresa batzordeak 24 orduko greba deitu du enpresak lan-hitzarmena urratu eta lan-erreforma ezartzeko “asmoa” duelako.
CCOOk agiri batean salatu duenez, Ertzaintzaren karga “gehiegizkoa” izan da fabrikaren atarian zegoen piketearen kontra. Sindikatuak jakinarazi du atxilotuetako bat zaurituta dagoela “matrailezurra hautsita”.
Herrizaingo Sailak, bere aldetik, istiluen kontrako materialik eta gomazko pilotarik ez dutela erabili azpimarratu du.
Era berean, baieztatu egin du bi pertsona atxilotu dituztela, bat erresistentzia leporatuta eta beste bat desobedientzia “larria”gatik.
Rodolfo Ares buru duen Sailaren arabera, atxilotua “arin” zauritu da eta Amurrioko anbulatoriora eraman dute.
Ertzainek ere jaso omen dituzte “ostikadak eta kolpeak”, baina inork ez du osasun-zerbitzuen laguntza behar izan.
Pertsona bat auzipetuta
Istiluen ondoren, bederatziak aldera, Ertzaintzak lagun bat auzipetu du “bortxaz jokatzeagatik”.
Hala ere, CCOOren bertsioak ez du Herrizaingo Sailaren bertsioarekin bat egiten. Sindikatuak azaldu du ez dutela bortxaz jokatu, “ezta momentu batean ere”, langileen kontra eta ez dutela Ertzaintzaren karga justifikatuko lukeen jarrera oldarkorrik izan.
CCOOren Euskadiko Industria Federazioak “Ertzaintzaren eskuhartze bortitza eta gehiegizkoa” salatu du.
Enpresa batzordeak "istilu tamalgarriak" salatu ditu
Enpresa batzordeak gertatutako istiluak salatu ditu. Goizean goiz, "enpresaren deiari erantzunez", Ertzaintza lantegira joan dela eta mobilizatzen ari ziren langileen aurka "aurretik probokaziorik egon gabe" egin dutela adierazi du.
"Indarkeriaz beteriko istiluak izan dira", eta ondorioz, hainbat lagun "zauritu, bi atxilotu eta identifikazioak" egon direla esan du batzordeak, "aurretik zirikatu edo ordenaren nahasmendurik gabe".
24 orduko lanuztea
Enpresa batzordeak 24 orduko lanuztea deitu du gaurko, zuzendaritzak langileen soldatak murrizteko asmoa duelako, nahiz eta 2011n 19 milioi eurotik gorako etekinak lortu.