Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Bi gizon atxilotu dituzte bikotekideari eraso egitea leporatuta
Ertzaintzaren agenteek asteartean bi gizonezko atxilotu zituzten Trapagaranen eta Irunen emakumeen kontrako indarkeria delitua egotzita.
Erredakzioa
Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu zituen asteartean Irunen eta Trapagaranen euren bikotekideei eraso egitea leporatuta.
Lehenengo erasoa Irunen jazo zen 16:00etan. Emakume batek Ertzaintzari deitu zion bikotekide ohiak eraso ziola esanez. Biktimak eta lekuko batzuek emandako informazioaren arabera, ustezko erasotzaileak kalean bertan eraso zion emakumeari, lepotik heldu eta lurrera bota zuen.
Halaber, erasotzaileak beste bi pertsona jo zituen, horien artean emakumearen senide bat. Ertzaintzaren agenteek 44 urteko gizona atxilotu dute indarkeria matxista delitua egotzita.
Bestalde, Bizkaiko Trapagaran herrian 28 urteko gizon bat atxilotu zuten agenteek bikotekideari eraso egitea leporatuta. Erasoa 16:30tan jazo zen etxebizitza batean. Biktimak salatu zuenez, bikotekidearekin eztabaida izan eta gero kolpeak jasan zituen eta hainbat zauri eragin zizkion aurpegian. Emakumea Gurutzetako Ospitalera eraman zuten.