Gizartea -
Gertakizuna
Lehergailu bat lehertu da Getxoko etxebizitza baten aurrean
Eztandak atea suntsitu eta beste hainbat kalte egin ditu. Gertakizunak margolan baten salerosketarekin izan lezake zerikusia.
Erredakzioa
Lehergailu batek eztanda egin du gaur goizaldean Getxon (Bizkaia), etxebizitza baten atearen aurrean.
Herrizaingo Sailaren iturriek eitb.com-i baieztatu diotenez, etxebizitza ez da ETAk mehatxatutako arrisku taldeko pertsona batena, lehen ikerketen arabera. Hain zuzen ere, gertakizunak margolan baten salerosketarekin izan lezake zerikusia.
Eztanda 02:00ak pasata jazo da, Bizkaia Zubia plazako etxebizitza batean.
Eztandak etxebizitzaren atea suntsitu, eta beste hainbat kalte material egin ditu atarian.
Antza denez, bonba aerosol batez eta material piroteknikoaz osatuta zegoen.
Lehergailua lehertu den lekuan emakumezko bat artatu behar izan dute, nerbio-krisi batek jota.