Gizartea -
migrazioaren drama
Irungo Harrera Sareak elkarretaratzea egingo du astelehenean, Bidasoa ibaian migratzaile bat desagertu ondoren
Erreskate taldea desagertutako gizonaren bila ari da larunbatetik, baina lana zaildu du korronte biziak.
agenziak | eitb media
Irungo Harrera Sareak, Irunen dauden pertsona migratzaileak babesteko taldeak, elkarretaratzea deitu du astelehen honetarako, Behobiako zubian. Migratzaile bat desagertu zen atzo Bidasoa ibaian, Irundik Hendaiarako bidea igerian egiteko ahaleginean.
Plataformak ohar batean ohartarazi duenez, "bide seguruek ez dute pertsonarik hiltzen", bai, ordea, "kontrol arrazistek". Era berean, "korridore humanitarioen" beharra azpimarratu dute.
Hori salatzeko, elkarretaratzea deitu dute asteleheneko 18:30etarako, Behobiako zubian. "Guztientzako harrera duina eta korridore humanitario bat" aldarrikatuko dituzte.
Bestalde, Ukrainako errefuxiatuekiko elkartasuna azaldu dute, eta "babesa behar duten pertsona horiei erantzunak" ematearen alde egin dute.