Gizartea -

Ertzaintza

Santutxuko eta San Inazioko etxeetan ostu zuen banda desegin dute

Atxilotu ostean, lapurtutako objektuetako batzuk berreskuratu dituzte; besteak beste, ordenagailu bat, bitxiak, Espainiako Errepublika garaiko billeteak eta zilarrezko txanpon zaharrak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak etxebizitzetan lapurretak egiten aditua zen banda bat desegin du. Bilboko Santutxu eta San Inazio auzoetako etxebizitzetan izandako 18 lapurreta egin izana egotzi dizkio, Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Operazioa atzo egin zuten, eta agenteek Georgiako 24, 29 eta 33 urteko hiru gizonezko atxilotu zituzten, etxebizitzetan lapurretak egiten dituen nazioarteko sare bateko kide izatea egotzita. Santutxun bizi ziren hirurak, alokatutako etxebizitza batean.

Ikerketa abenduan hasi zen, zenbait etxebizitzatan lapurreta izan eta gero salaketa ugari jaso ostean. Lapurreta guztietan antzeko metodoak erabili zituzten etxeetara sartzeko ateak zabaltzeko: batzuetan gakoak erabili zituzten eta beste batzuetan sarrailak lehertu zituzten.

Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du, eta ez du baztertu datozen orduotan banda horretako kide gehiago atxilotzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea