Gizartea -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

"Omikron aldaerarekin kutsatutakoak berriz kutsa daitezke azpialdaera bat sartu delako", Basarasen arabera

EHUko mikrobiologoak azaldu duenez, Europa osoan joera bera atzeman da: "Neurriak lasaitu diren heinean, birusa eroso transmititu da eta positibotasuna eta ospitaleratzeak igo egin dira".

Basaras, artxiboko argazki batean. EITB Media
Basaras, artxiboko argazki batean.
Basaras, artxiboko argazki batean. EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miren Basaras EHUko mikrobiologoa zuhur agertu da koronabirusak gurean duen bilakaeraren harira, eta ohartarazpena egin du: "Azaroan, abenduan eta urtarrilean omikron aldaerarekin kutsatu zirenak berriz kutsa daitezke aldaera horren azpialdaera bat sartu delako, seigarren olatuaren hasieran beste bat zegoen. Txertatuta egonda ere, berriro kutsa daitezke".

Euskadi Irratiko "Faktoria" saian egin dioten elkarrizketan, Europa osoan gertatzen ari denaren argazkia egin du EHUko irakasleak: "Datuak ikusita, genekiena baieztatu da: birusa gure artean eroso transmititu daitekeela, eta neurriak lasaitzen diren heinean, positibotasuna igotzen dela, eta gero, ospitalizazio maila pixkanaka-pixkanaka igotzen dela".

Erresuma Batuko adibidea jarri du adituak. Azaldu duenez, azken astean % 50 hazi da positiboen kopurua eta ospitaleratzeen kopurua ere % 20 igo dira.

Dena den, Basarasek aitortu du herritar asko gaixotasunarekin kutsatzea "ona" dela horrek esan nahi duelako "hobeto prestatuta" egongo garela hurrengo aldaera edo azpialdaera baterako, gure defentsak eta sistema immunologikoa indartuta egongo direlako.

Hala, neurriak (adibidez, maskara barrualdean derrigorrezko ez izatearena) are gehiago arindu ahal diren galdetuta, "goizegi" dela erantzun du: "Udaberrian zer gertatzen den ikusi behar dugu, eta hortik aurrera lasaitzen joan gaitezke".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU berriak EAE Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Eguneko albisteak Txertoak albisteak Covid birusaren olatu berria Maskarak