Gizartea -
Epaiketa Iruñean
Arrotxapeako gaztetxearen hustean atxilotutako bost gaztek 9 hileko zigorra onartu eta kartzela saihestu dute
Atentatu delitua egotzi diete bost horiei. Seigarren batek isuna ordaindu beharko du jarkitze delituagatik, eta kalte ordaina, hainbat agenteri egindako lesioengatik.
Agentziak| EITB Media
Fiskaltzarekin egindako akordioa tarteko, Iruñeko Arrotxapea auzoko gaztetxearen hustearen kontrako protestan atxilotutako sei gazteetatik bostek bederatzi hilabeteko zigorra onartu dute eta seigarrenak isun eta kalte ordain banari egin beharko die aurre.
Bost gazteri atentatu delitua leporatu diete, eta seigarrenari agintaritzari jarkitzea eta hainbat agenteri lesioak egitea.
Hori horrela, eta aurrekariak ez dituztenez, kartzela saihestuko dute bostek (betiere datozen bi urteetan halako deliturik egiten ez duten bitartean).
Seigarren gazteak, sei euroko isuna ordaindu beharko du egunero sei hilabetez agintaritzari jarkitzea egotzi baitiote. Agente bati eragindako lesioengatik, 245 euroko kalte ordaina pagatu beharko du, beste 600 eurokoa utzitako arrastoengatik. Halaber, beste agente bati 975 euro ordaindu beharko dizkio, hori ere lesioengatik.
Atentatu delituarengatik zigortutako bi gaztek isuna (sei euro egunero hilabeteko epean) pagatu beharko dute lesio delitu arin bategatik, eta 245 euroko kalte ordaina agente bati.
Azkenik, hirugarren batek isuna ordaindu beharko du (oraindik ez dute zehaztu zenbatekoa) agente bati praka apurtzeagatik.