Gizartea -
'Egiari zor'
'Estatuen indarkeriaren biktimen aldeko fundazioa' jaio da
"Borroka armatuak sortutako biktimen" eta "estatuen indarkeriak eragindakoen" aurrean sentsibilitate berbera izatea eskatu dute.
Erredakzioa
'Egiari Zor' fundazioa "Estatuen indarkeriaren biktimak" biltzeko eta haien memoriaren errespetua lortzeko jaio da. Horrez gain, biktima guztiek aintzateste "berbera" izan dezaten ere nahi dute.
Fundazioa aurkezteko prentsaurrekoa eman dute Donostian. Bertan adierazi dutenez, fundazioak 200 kide inguru dauzka dagoeneko.
Aurkezpen horretan, "borroka armatuak sortutako biktimen" eta "estatuen indarkeriak eragindakoen" aurrean sentsibilitate berbera izatea eskatu dute.
Helburu nagusia, esan dutenez, indarkeria horren biktima izan direnen "oroimena eta duintasuna" aldarrikatzea da.
Bereizketarik ez
"Besteen mina aintzat hartzen dugu, baina, besteek ez bezala, ez dugu indarkeria ezberdinek eragindako biktima guztiak maila berean jartzea eskatzen. Ezin daiteke bereizketarik egin hiltzailearen edo garaiaren arabera", esan du Idoia Muruagak.
"Kalte berdinaren aurrean, aintzatestea berbera izan behar da", esan dute.