Gizartea -
Elgoibar
Enpresaburu bat atxilotu dute atzerritarrak esplotatzea egotzita
Besteak beste, atzerriko langileei adostutako soldatak murriztea eta Gizarte Segurantzan alta emateari uko egitea egotzi diote.
Erredakzioa
Espainiako Poliziak 54 urteko enpresaburu bat atxilotu zuen apirilaren 19an Elgoibarren, langileen eskubideen kontrako delitu bat egin izana leporatuta. Langile atzerritarrak esplotatzea egotzi diote.
Espainiako Gobernuaren EAEko Ordezkaritzak jakinarazi duenez, martxoaren hasieran izan zuen ustezko delituaren berri Poliziak. Antza, enpresaburuak atzerriko langileak kontratatzen zituen, gehienak pakistandarrak; langileekin hitzartutako lan-baldintzak, ordea, ez zituen betetzen. Langileek salatu dutenez, soldatak murrizten zizkien eta ez zituen Gizarte Segurantzan altan ematen.
Joan den martxoaren 12an, Poliziak atxilotutako enpresaburuarentzat lan egin zuten hiru langileren deklarazioa entzun zuen. 12 orduko lanaldiak egiten zituztela adierazi zieten agenteei eta enpresaburuak ez zuela hitzartutakoa betetzen.
Horrez gain, atxilotuak gidabaimena erretiratuta zuen, puntu guztiak galduta zituelako, baina, hala ere, egunero auto bat gidatuz joaten zen lanera.