Gizartea -
HILBERRIA
Maria Angeles Garai Bizkaiko aurreneko ikastolako lehen andereñoa hil da
1930ean Bilbon jaioa, Xabier Peñaren eskutik murgildu zen haurrentzako euskarazko irakaskuntzaren sustapenean. Erregimenak ezarritako oztopoen aurrean, etxean ere eman zituen eskolak Garaik.
O.P. | Eitb Media
Gaur zendu da Maria Angeles Garai, Bizkiko lehen ikastolako lehenengo andereño izan zena.
1930ean Bilbon jaioa, ama hizkuntza zuen euskara. Pedagogia ikasketak egin zituen eta Xabier Peñaren alfabetatze eskoletan hasi zen 24 urte zituela.
Peñaren eskola haien xedeetako bat zen handik igarotzen ziren ikasleak irakasle bihurtzea eta halaxe hasi zen lanean Garai, Auñamendi Eusko Entziklopediak jasotzen duenez, emakume talde bati euskara eskolak ematen, zehazki.
1956an modu klandestinoan joan zen Parisera, Munduko Euskal Biltzarrera eta han ezagutu zituen, besteak beste, ordurako ikastolen sorreran buru-belarri lanean ari ziren Elvira Zipitria eta Karmele Esnal. Helburu argi batekin itzuli ziren Paristik: haurren euskarazko irakaskuntza garatzea.
Zipitriak eta Esnalek Donostian egindakoaren ereduari jarraituta, 1957an zabaldu zuten lehen ikastola, Bilbon, San Nikolas elizan.
1958tik aurrera, baina, Frankoren erregimen bete betean, oztopo ugari izan zituzten euskaraz irakasteko et bota egin zituzten San Nikolas elizatik.
Hala, batera eta bestera ibili ostean, etxean zabaldu zuen eskola 1962an.
Mari Angeles Garaik ikastolen legezkotasun izaera eskuratu bitarteko prozesu osoa bizi izan zuen, bere lan jarduna Resurrección María de Azkue Ikastolan amaitu zuen, hain zuzen, ofizialki Euskal Herrian ireki zen aurreneko ikastolan.