Gizartea -
Filmetakoak bezalako ihesa
Kubako aktore bi desagertu dira Tribeca zinema jaialdian
Miamiko aireportuan ikusi zituzten azken aldiz, New Yorkerako bidean egindako eskala batean. New Yorken, gazteen maletak ireki zituztenean, hutsik zeudela ikusi zuten.
Erredakzioa
Anailin de la Rua de la Torre eta Javier Nuñez Florian aktore kubatarrak, Una Noche filmeko protagonistetako bi, New Yorkera joan ziren filma aurkeztera eta ordutik, desagertuta daude. Kubako film horretan Ameriketako Estatu Batuetara desertatzeaz ari dira.
Tribeca Zinemaldiko bozeramaile batek astelehenean esan zuenaren arabera, bi aktoreak ez ziren agertu filmaren estreinaldian iragan ostegunean, jaialdian. “Daniel Arrechada baino ez zen joan Una Noche-ren Tribeca jaialdiko estreinaldira. Ez dugu Anailin de la Rua de la Torrerekin eta Javier Nuñez Florianekin harremanetan jartzerik izan”, esan zuen bozeramaileak komunikatu batean.
Una noche Lucy Mulloyk, New Yorkeko Unibertsitateko zinema eskolan graduatuak, zuzendu du, eta euren herrialdeko pobreziatik ihes egin eta Miamin bizitza berri bat hasi nahi duten hiru nerabe kubatarren istorioa kontatzen du.
Bi aktore horiek Miamiko aireportuan ikusi zituzten azken aldiz, New Yorkerako bidean egindako eskala batean. New Yorken, gazteen maletak ireki zituztenean, hutsik zeudela ikusi zuten.