Gizartea -
HEZKUNTZA
20 urtetako beherakadarik handiena izan da EAEko unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuko matrikulazioan
2020-21 ikasturtean 412.130 ikasle matrikulatu ziren EAEko unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuan, aurreko ikasturtean baino % 1,8 gutxiago, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak zabaldutako datuen arabera.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
2020-21 ikasturtean 412 130 pertsona matrikulatu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuetan, aurreko ikasturtean baino % 1,8 gutxiago, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak ostiral honetan zabaldutako datuen arabera. Azken 20 urteotako beherakadarik handiena izan da.
Erregimen Orokorreko Irakaskuntzetako ikasleen kopuruak % 1,6 egin zuen behera, nagusiki, Haur Hezkuntzan eta Helduen Hezkuntzan matrikula kopuruak behera egin zuelako; % 7,8 eta % 12,9, hurrenez hurren.
Batxilergoan eta erdi eta goi-mailako Lanbide Heziketan, ostera, matrikula kopuruak % 4tik gorako igoera izan da. 32.500 pertsona baino gehiagok eman zuten izena Batxilergoan, eta 43.600 pertsona baino gehiagok, ostera, Lanbide Heziketako hiru mailetakoren batean (oinarrizkoa, erdi-mailakoa eta goi-mailakoa).
Aitzitik, % 5,1eko murrizketa egon zen Erregimen Bereziko Irakaskuntzako matrikuletan, bereziki, Hizkuntza Eskola Ofizialetan ikasle gutxiago aritu zirelako.
Sexuaren arabera ezberdintasunak nabari dira. Matrikulazioari dagokionez, banaketa parekideena Batxilergoan izan zen: emakumeak % 54 eta gizonak % 46. Lanbide Heziketan, ostera, desoreka agerikoagoa da gizonen alde. Mailak gora egin ahala, ordea, diferentzia txikiagoa da: Oinarrizko Lanbide Heziketan, gizonak % 73 ziren eta erdi eta goi-mailako Lanbide Heziketan, gizonak % 66 eta % 64, hurrenez hurren.
D, B eta A ereduak
Iazko ikasturtean, nazionalitate espainiarra ez zuten 38.631 pertsonak izena EAEko ikastetxeetan. Horietatik erdiek baino gehiagok D ereduan egin zituzten ikasketak, eta hirutik batek, A ereduan, eta % 15ek baino ez B ereduan. Ikasle guztiak aintzat hartuta, banaketa honelakoa da: D ereduan, % 69, B ereduan, % 18 eta A ereduan, % 13.
Matrikulazio gehiago ikastetxe publikoetan
Hezkuntza zentroen titulartasunari dagokionez, Erregimen Orokorreko Irakaskuntzan izen-ematea pixka bat handiagoa izan zen ikastetxe publikoetan, % 52,4k eta % 47,6, hurrenez hurren. Zenbaki absolutuetan, 18.618 ikasle gehiago matrikulatu ziren irakaskuntza publikoan.