Gizartea -
140 km/h arteko ufadak
Ziklogenesiak hainbat hegazkinek Loiun lur hartzea eragotzi du
Haize ufadek ia 140 km/h-rainoko abiadura hartu dute Urduñan, Matxitxakon eta Galea lurmuturrean. Eguerdira arte alerta laranja egoera izan da indarrean, baina jada, arriskua arindu da.
Erredakzioa
'Petra' izeneko ziklogenesi leherkor bat penintsulako iparraldean sartu da asteazken honetan, eta haizete eta eurite handiak ekarri ditu. Euskal Autonomia Erkidegoa alerta laranjan izan da eguerdira arte, izan ere, haizeak zakar jo du eta ufadek 140 km/h-rainoko abiadura hartu dute eremu zabaletan.12:00etan Herrizaingo Sailak alerta maila jaitsi du eta abisu horia ezarri du 18:00ak arte. Egunak aurrera egin ahala haizea indarra galduz joan da.HAINBAT HEGALDI DESBIDERATU DITUZTE LOIUN
Madrildik, Bartzelonatik, Santiagotik eta Paristik Loiura zihoazen lau hegaldi beste aireportu batzuetara desbideratu behar izan dituzte, haizea dela eta. AENAko iturriek adierazi dutenez, Madril, Santiago eta Bartzelonatik Loiurantz abiatu diren hiru hegazkinek, azkenean, Gasteizko Foronda aireportuan lur hartu behar izan dute. Paristik irten den beste hegazkin bat, berriz, Biarritzera desbideratu dute.Haizeak arazoak sortu baditu ere aireportua irekita egon da eta ufaden eraginez ez da hegaldirik gelditu bertan behera.130 KM/H BAINO GEHIAGOKO UFADAKHaizeak zakar jo du, Urduñan, Galea lurmuturrean eta Matxitxakon, esaterako, 130 km/h-ko abiadura gainditu du Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia Zuzendaritzak jakinarazi duenez.
Urduñan, zehazki, 137,6 km/h arteko ufadak izan dira, 136, 2 km/h Galea lurmuturrean eta 130,5 km/h Matxitxakon. Toki ez hain zabaletan ere haize zakarra nagusitu da. Deustun 102 km/h-rainoko ufadak neurtu dira, Iurretan 98,8 km/h-koak, eta Zizurkilen 86,1 km/h-koak.EZ DA ARAZO LARRIRIK SORTU
'Petra' ziklogenesia indartsu igaro den arren, zorionez, ez du kalte larririk eragin. Hala, Herrizaingo Sailetik jakinarazi dutenez, EAEko errepide sarean normaltasuna izan da nagusi eta, bigarren mailako errepideren batean salbu, ez da arazo nabarmenik izan. Bestalde Bilbon, gizonezko bati gidatzen zihoala zuhaitz bat erori zaio furgoneta gainera, baina, zorionez ez du zauririk jasan. Deustun jazo da ezbeharra, haize ufada bortitz batek usteldutako zuhaitz bat errotik atera, airean eraman eta furgonetaren gainera bota du. Donostian, haizeak zuhaitzak eta adarrak mugitu ditu hiriko hainbat tokitan, Donostiako Udalak agiri batean jakinarazi duenez.AHOLKUAK
Haizeteak direla eta, ateak, leihoak eta eguzki oihalak ondo lotzea gomendatu du Herrizaingo Sailak. Era berean, loreontziak eta kalera eror daitezkeen beste objektuak kentzea ere eskatu dute, baita aldamioak, garabiak eta kaleko lanen gainerako elementuak ondo lotzea ere.Kalean egon behar dutenei erlaitz, horma, zuhaitz eta hesietatik urruntzea gomendatu diete, eta egoera txarrean dauden eraikinen aurrean arduraz jokatzea. Errepideetako bidaiak ekiditea ere gomendatu dute.
2010EKO ZIKLOGENESIA
2010eko otsailaren 26tik 28ra, 'Xynthia' ziklogenesi leherkorrak ia Espainia osoa jarri zuen alertan. Hiru pertsona hil ziren, beste milaka lagun argindar barik geratu ziren, ehunka hegaldi bertan behera utzi behar izan zituzten eta leku askotan uholdeak ere izan ziren.
Bizkaian, haizeteak 228 km/h artekoak izan ziren.
'Xynthia' Kanariar uharteetatik sartu zen, eta ondoren Galizia, Asturias, Kantabria, Euskadi, Nafarroa, Gaztela eta Leon eta Andaluzia astindu zituen.
Ondoren, Frantziara joan zen, eta bertan kalte handiak egin zituen. Gutxienez 50 pertsona hil ziren, eta hainbat desagertu eta zauritu ziren. Handik Belgikara eta Alemaniara pasatu zen. Lehenengo herrialdean pertsona bat hil zuen, eta bigarrenean sei.