Gizartea -
Donostian
Bere buruaz beste egiten saiatu da, etxetik bota behar zutela eta
Emakumeak ohar bat utzi zuen, desjabetuz gero bere buruaz beste egingo zuela esanez. Pilula ugari hartu eta konorterik gabe aurkitu zuten Amarako bere etxean.
Erredakzioa
Emakume bat bere buruaz beste egiten saiatu zen atzo Donostian, bere etxearen desjabetzea gertatu behar zen unean.
Amarako etxe bateko maizterra kaleratzera joandako notario eta abokatuak konortea galduta aurkitu zuten. Emakumeak ohar bat utzi zuen, desjabetuz gero bere buruaz beste egingo zuela esanez, eta ondoren pilula ugari hartu zituen.
Donostiako ospitalera eraman zuten, goizean goiz, baina bere osasun egoeraren berririk ez da zabaldu.
Bizilagunen esanetan, urte asko dira, emakumea bere alabarekin batera etxean alokairuan bizi dela.
Geroz eta lagun gehiago gelditzen dira kale gorrian egunero EAEn
Bestetik Stop Desahucios elkarteak protesta bilkura egin zuen atzo Bilbon, Banco Santanderren egoitza baten aurrean, Obdulia Sastre Laudion bizi den 73 urteko emakumearen egoera salatzeko. Duela hilabete etxerik gabe geratu zen emakumea, eraikina seme baten negozioa finantzatzeko hipotekatu eta mailegua ordaintzeari utzi ostean. Banco Santanderrek 350 euroko alokairu soziala ordaintzea proposatu dio, baina diru gehiegi da emakumearentzat.
Honen harira, Jaurlaritzak ostiralean aurkeztuko du jendea etxeetatik kaleratzea saihesteko plana.
Euskadiko desjabetze kopurua etengabe hazten ari da eta egunero zazpi edo zortzi familia geratzen da kale gorrian, etxerik gabe.