Gizartea -

Tarifak igotzearen kontra

Madrilgo Metroko bederatzi linea saboteatu dituzte

'Hartu Metroa' ekimenarekin Garraio Partzuergoak erabakitako tarifa garestitzearen kontra protesta egin nahi izan dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezezagun batzuek larrialdietarako balazta sakatu dute Madrileko Metroko bederatzi lineatan. Guztira, hamahiru konboi geldiarazi dituzte eta minutu batzuetako atzerapena eragin dute zerbitzuan. Konpainiako bozeramaile baten arabera, 8.000 bidaiarik jasan dituzte arazo horiek.

Metroko arduradunen esanetan, gaur 08:30 aldera gertatu da hori, linea guztietan aldi berean, eta Poliziak eta Gobernu Ordezkaritzak dagoeneko horren berri badutela gaineratu dute.

Ekintza koordinatu hori duela egun batzuk Madrilgo Autonomia Erkidegoko garraio publikoaren sarean (hiri-autobusetan eta Metroan) tarifak garestitzea onartu ondoren egin dute.

Gertakari horien berri ematen hedabideetara bidali duten mezu anonimo baten arabera, “Hartu Metroa” ekimenarekin Garraio Partzuergoak erabakitako tarifa garestitzearen kontra protesta egin nahi izan dute.

Madrilgo Autonomia Erkidegoko presidenteak, Esperanza Aguirrek (PP), esan duenez, ekintza horretan parte hartu duten pertsonak “ez dira zigorrik gabe geratuko”. Madrilgo Metroak Poliziaren eskuetan utzi ditu jada segurtasun kamerek hartutako irudiak eta dagokion salaketa jarriko duela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea