Gizartea -
Gernikako bonbardaketa
Euskadik Gernikako bonbardaketaren biktimak omendu ditu
Lehendakariak Gernikako tragedia "mendekua bilatzeko baino, indarkeriaren aukako horma bat eraikitzeko" gogoratzea eskatu du. Hainbat ekitaldirekin omenaldia egingo diete gaur biktimei.
Erredakzioa
Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena bete den honetan, bertako herritarrek eta euskal gizarteak gertuko historian bizi izan duten unerik latzena ekarri dugu ostegun honetan gogora. 1937ko apirilaren 26an Kondor legioko hegazkinek herria suntsitu zuten, eta 126 pertsona hil zituzten, azken datuen arabera. Pablo Picasso artistak tragedia islatu zuen margolan batean.
Gernikan goizean egin duten omenaldian Patxi Lopez lehendakaria, Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidentea, Martin Garitano eta Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak eta Reinehard Silberberg Alemaniako enbaxadorea izan dira, besteak beste.
Lehendakariak Gernikako tragedia "mendekua bilatzeko baino, indarkeriaren aurkako horma bat eraikitzeko" gogoratzea eskatu du, etorkizunean Euskadin indarkeriarik ez izateko. Halaber, itxaropentsu agertu da, "hainbat urteren ostean, gaur, lehen aldiz" Euskadi "erabat askea" delako.
Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena oroitzeko ekitaldietan Patxi Lopezek adierazi duenez, "ez dugu Gernikako tragedia 75 urte geroago gogoratzen iraganean oinarrituta egun mendekua bilatzeko, horma bat eraikitzeko baino, etorkizunean Euskadin indarkeriarik ez izateko".
Lopezek helburu hori lortzeko beharra defendatu du, batez ere, orain, "itxaropenerako arrazoiak baititugu".
Lehendakariaren ustez, euskal gizarteak "indarkeriarik gabeko askatasun garaia bizi du, azkenean", eta hori, bere iritzian, "beldurrari aurre egiteagatik jasotako saria eta askatasunaren eta demokraziaren garaipena da ".
Patxi Lopezen hitzetan, "hemen gaudenetako batek ere ez dugu gertatutakoan erantzukizunik, baina gertatutakoaz ikasteko balio behar zaigu".
Bonbardaketa oroitzeko ekitaldien helburua "arratsalde mingarri eta beldurgarri hori ez ahaztea" da, esan du lehendakariak.
Sariak, lore eskaintza eta gernikarren omenaldia
Egun osoan zehar hainbat ekitaldirekin eta omenaldirekin gogoratu dute ostegun honetan, Gernikan bertan, orduan gertatutakoa. Horietako batek Roman Herzog Alemaniako presidente ohia izan du protagonista. 1994a eta 1999a bitartean izan zen presidente, eta Gernikako bonbardaketa Condor legioko hegazkinek egin zutela aitortu zion Gernikako herriari, eskutitz bidez, 1997an. Gertatutakoagatik dolumina agertu zuen gutun hartan, eta keinu eta aitorpen hori eskertzeko, VIII. Gernika Saria eman diote gaur. Lokarrik eta Gernika Gogoratuz ikerketa egoitzak ere saria jaso dute.
Nestor Basterretxea artistaren 'Suaren Agonia' eskultura ere inauguratu dute, eta 'Gernika bajo las bombas' bonbardaketaren inguruan egin den lehen filma estreinatu dute. ETBren ekoizpen da.
15:45ean, sirena baten hotsak Gernikako bonbardaketaren sarraskia hasi zen ordua gogoratu du.
Ondoren, lore eskaintza egin diete bonbardaketan hildakoei, eta, 'Gernika Sutan' kale antzerkia ikusteko aukera ere egon da, gernikarrek antzeztua.
Kandelekin eta isiltasunean murgilduta bukatu dituzte eguneko omenaldiak.
1937ko apirilaren 26a, Twitter bidez
Bonbardaketa gaur egun jazo izan balitz orduan protagonista izan zirenetako batzuek nola kontatuko zuketen irudikatu nahi izan dugu. Gernikako Bakearen Museoarekin eta Bonbardaketari buruzko Dokumentazio Zentruarekin elkarlanean, eitb.com-ek duela 75 urteko apirilaren 26 hura gogora ekarri nahi izan du. Ordukoarekin lotura zuzena izan zuten hamar pertsonak –horietako batzuk oraindik bizi dira– gaur egungo baliabideekin egun hura nola kontatuko luketen irudikatu dugu.
Egun horretan protagonista izan zirenetako batzuek hitza hartuko dute, sare sozialen bidez: Jose Antonio Agirre lehendakariak, Emilio Mola eta von Richtoffen jeneralek, George L. Steer kazetariak, eta Luis Iriondo, Andone Bidaguren eta Mateo Malaxetxebarria gernikarrek, besteak beste, egun hartako gertaerak biziberritu dituzte.
pausoz pauso jarraitu ahal izan da eitb.com-en Twitterren #gernika75