Gizartea -

Osasuna

Osakidetzak depresio handia detektatzeko baheketak egingo ditu nerabeen artean

Osasun Sailak Lehen Arretako Pediatria zerbitzuek jarraitzen duten osasun programa eguneratu du. Lau baheketa gehiago eta bisiten egutegi berri bat egongo dira.

Osakidetzaren prentsaurrekoa. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Osakidetzaren prentsaurrekoa.
Osakidetzaren prentsaurrekoa. Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak Lehen Arretako Pediatria zerbitzuek oinarri bezala erabiltzen duten haurren osasun programa eguneratu du. Berritasun nagusien artean 12 urteko nerabeen artean depresio handia atzemateko baheketa dago.

Gotzone Sagardui sailburuak azaldu duenez, programa berria "hobekuntza garrantzitsuak" ekarriko ditu arretan, 14 urterainoko adingabeen artean osasun arazoak ekiditeko edo garaiz atzemateko helburuarekin.

Programa ez da zerotik hasiko, eguneraketa bat baita. Osasun zentroen arteko "arretaren aldakortasuna" murriztuko du, irizpide berberekin arituko baitira. Sailburuak Lehen Arreta eta Pediatria taldeak jarri ditu programaren "oinarri" eta "aliatu" bezala.

Lau baheketa berri

Berritasunen artean zenbait gaixotasun ekiditeko eta atzemateko egingo dituzten baheketa berriak daude. Batetik, 12 urteko nerabeen artean baheketa egingo dute depresio handia atzemateko, sendien eta inguruaren ezagutzan oinarrituta. Bestetik, hipertentsio arterialaren baheketa ere modu unibertsalean egingo dute.

Arrisku faktoreak dituzten adingabeen kasuan, gaixotasun zeliakoa (3, 6, 10 eta 13 urterekin) eta hiperkolesterolemia (10 urterekin) atzemateko baheketak egingo dira.

Gainera, programa berriak bronkiolitisaren ibilbidea garatuko du, prebentzioa hobetzeko. Izan ere, haurtxoen ospitaleratzeen lehen kausa da azaro eta urtarril artean. Ibilbide hori "aitzindaria" da Estatuan, eta "erreferentziazkoa" nazioarte mailan.

Lehen bisita pediatrikoa haurra jaio baino lehen egingo da, Familia eta Pediatria taldeen arteko lotura lehenbailehen garatzeko.

Era berean, bisiten egutegi berria ezarriko du programak, eta jarduera berriak aintzat hartuko ditu. Paziente bakoitzaren historia klinikoaren erregistroa "hobetu" egingo du programak, eta osasun karpeta haurra jaiotzen denetik aurrera erabiliko da.

Sagarduiren hitzetan, helburuak prebentzioa eta familiak orientatzea, laguntzea eta ahalduntzea dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Umeak