Gizartea -
espainiako pediatria elkartea
6 hilabete eta 5 urte bitarteko haurrak lehen aldiz txertatuko dira gripearen aurka
Espainiako Pediatria Elkarteak lehen aldiz ezarri du adin tarte horrentzat gripearen aurkako txertaketa, Munduko Osasun Elkarteak proposatu bezala.
agentziak | eitb media
Espainiako Pediatria Elkarteak (AEP) lehen aldiz gehitu du aurten gripearen aurkako txertaketa 6 hilabete eta 5 urte bitarteko haurren egutegian. Hala iragarri du Francisco Alvarez Txertoen Aholkularitza Batzordeko (CAV) koordinatzaileak.
AEP elkarteak Leonen (Espainia) antolatzen dituen XII. Txertaketa Jardunaldietan, Alvarezek adierazi du badirela nahikoa arrazoi gripearen aurkako txertaketa haurren egutegian sartzeko eta, hortaz, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) urtarrilean igorritako gomendioak berrikusiko dituztela, Espainiako Estatuan haurren txertaketa egutegi bakarra ezartzeko helburuarekin.
Nabarmendu duenez, aurten, lehen aldiz, 6 eta 59 hilabete arteko haurren gripearen aurkako txertaketa gehitu dute, MOEk eta Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroak (ECDC) proposatzen duten bezala, haurrari babes indibiduala emateko gripe infekzioaren aurrean, eta familia- eta komunitate-babesa sustatzeko.
"Haurrak dira influenza birusaren (gripea eragiten duena) giza igorle nagusietako batzuk, eta ikerketek agerian utzi dute haurren txertaketak murriztu egiten duela influenzaren birusak pertsona helduengan izan dezakeen intzidentzia", azpimarratu du Alvarez doktoreak.
Adierazi duenez, txertoetan adituak diren pediatrak zain daude orain, Osasun Publikoak 5 urtetik azpiko haurrak gripearen aurreko arrisku talde noiz joko dituen, eta horien txertaketa datozen urtaroko kanpaina egutegietan noiz sartuko duten.
Gainera, azpimarratu du MOEren arabera urteroko gripe epidemiek mila milioi infekzio inguru, 3 eta 5 milioi kasu larri artean eta 300.000 eta 500.000 heriotza artean eragiten dituztela mundu mailan.
Bestalde, Adolfo Garcia Sastre Icahn Medikuntza Eskolako (AEB) Osasun Global eta Patogeno Emergenteetarako Institutuko zuzendariak azaldu du gripearen aurkako txertoaren eraginkortasuna ez dela hobeezina, zenbait arrazoi direla eta. Izan ere, influenza birusek "gaitasun handia dute mutatzeko eta denbora gutxian askotariko aldaerak sortzeko".
Gainera, gripeak osasun publikoan duen garrantzia azpimarratu du, nahiz eta azken bi urteetan, covidaren birusaren aurreko babes neurrien ondorio gisa, horren intzidentziak behera egin duen. "Orain arte, SARS-CoV-2 birusak 6 milioi heriotza eragin ditu mundu osoan, baina gripearenak 5 milioi heriotza eragiten ditu 10 urtean", gaineratu du.