Gizartea -
EUSKARA
Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak 1.930.000€-ko funtsa eratuko dute, Iparraldera bideratua
Helduen euskalduntzea da akordio honen helburua. Horretarako, Iparraldeko B2 mailako agirien sortze lanek segituko dute, eta Eusko Jaurlaritzak garatutako euskara/frantsesa eta frantsesa/euskara itzultzailea hobetuko da.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak (EEPk) 1.930.000 euroko diru-funts bat eratuko dute Ipar Euskal Herriko eragile pribatuen jarduerak diruz laguntzeko. Horretarako, Euskararen Erakunde publikoak 1.530.000 € ezarriko ditu xede horretarako eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 400.000 €. Erabaki hori Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Antton Curutcharry EEPko lehendakariak jakitera eman dute, astelehen goizean Baionan egindako prentsaurreko batean.
Lankidetzarako aurrekontu hau bi multzotan banatuko da. Alde batetik, 1.801.500€ Iparraldeko eragile jakin batzuk diruz laguntzeko ezarriko dira; eta beste alde batetik, 128.500€ beste edozein eragile pribatuk aurkeztutako proiektuak diruz laguntzeko bideratuko da. Azken horretarako deialdia irekita dago eta diru-laguntzen banaketaren inguruko erabakia udan emango da.
Gainera, bi erakundeek elkarrekin lanean jarraituko dute hainbat gai eta egitasmoren inguruan, besteak beste, helduen euskalduntzea. Helburu hori lortzeko, Iparraldeko B2 mailako agirien sortze lanek segituko dute, eta Eusko Jaurlaritzak garatutako euskara/frantsesa eta frantsesa/euskara itzultzailea hobetuko da.
Astelehen honetan sinatutako dokumentua 2021-2025 epealdirako esparru-hitzarmenari lotuta dago. Azken hau, laugarren akordioa da hizkuntza gaietan bi erakundeen arteko lankidetza jarraitua abian jarri zenetik. Esparru-hitzarmen honek elkarlanerako lau alor zehazten ditu: euskararen transmisioa, hizkuntzaren presentzia eta erabilera, hizkuntzaren kalitatea, eta azkenik, euskararen erabileraren motibazioa azkartzea.