Gizartea -
Epailearen erabakia
Legez kanpokoa da Guardia Zibilak isun gutxi jartzeagatik zigortzea
Guardia Zibilaren Zuzendaritzak ordaindu egin beharko ditu bi Guardia Zibilek jaso ez zituzten ordainsari osagarriak. Guztira, bakoitzari 213,24 euroko bi ordainketa egin beharko dizkio.
Erredakzioa
Castellóeko Administrazioarekiko auzien 1 epaitegiko titularrak arrazoia eman die Guardia Zibileko Trafiko Taldeko bi agenteei. Salatzaileek ez zituzten bi ordainsari osagarri kobratu lankideek baino isun gutxiago jartzeagatik.
Bi epaien arabera, Guardia Zibilaren Zuzendaritzak ordaindu egin beharko ditu Benicarloko bi Guardia Zibilek jaso ez zituzten ordainsari osagarriak. Guztira, bakoitzari 213,24 euroko bi ordainketa egin beharko dizkio.
Horrez gain, epaileak epaiketaren gastuak ordaintzera zigortu du administrazioa bi arrazoirengatik: salatutako auziak "ez baitu zalantzarik gertaeretan ezta zuzenbidean ere", eta antzerako hainbat epai izan direlako.
Puntuazio baxua
Bi agenteek Hileko Banakako Jardueren Laburpenean puntuazio baxuak izateagatik erabaki zuen administrazioak ordainsariak ez ordaintzea. Laburpenean kontuan hartzen da jarritako salaketa kopurua, besteak beste; eta emaitza lankideek lortutakoarekin alderatzen dute.
Bi kasuetan, puntuazioa taldeak lortutakoa baino % 50 baxuagoa izan zen.