Gizartea -

Hezkuntza

2.123 adingabek eskolaz kanpoko laguntza jaso zuten iaz Aukerak Suspertzen ekimenarekin

% 75 zentro publikoetako ikasleak ziren, eta % 25 itunpeko ikastetxeetako adingabeak. Era berean, iaz familia gehiago artatu zituzten, 1.673, hain zuzen ere. 2020an 745 familia lagundu zituzten; beraz, kopuruak % 80 gora egin du.

EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guztira, 2.123 mutiko, neskato eta neraberi lagundu zien Aukerak Suspertzen ekimenak iaz, 2020an baino 1.009 gehiagori. Horrela, eskolaz kanpoko laguntza jaso zuten adingabeen kopuruak % 90,57 egin zuen gora, aurreko ekitaldiko datuekin alderatuta. Horien % 75 zentro publikoetako ikasleak ziren, eta % 25, itunpeko ikastetxeetakoak.

Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde guztietan egin du gora kopuruak, Gipuzkoan bereziki; izan ere, 118 adingaberi lagundu zieten 2020an, eta 576ri 2021ean. Bizkaian eta Araban ere, hazkundea proportzionala izan da. Horrela, 725 artatzetik 1.118ri laguntzera pasatu dira Bizkaian, eta 271tik 429ra, Araban.

Artatutako familien kopuruak ere gora egin du (% 80,28). Iaz 1.673 familiari lagundu zien ekimenak, eta 2020an 745ri. Profilari dagokionez, gehienbat bi gurasoko familiak (% 53) eta familia gurasobakarrak (% 38) dira.

Zentzu horretan, Aukerak Suspertzen ekimenak 156 dispositibo eta 81 konektibitate txartel laga zituen aurreko ikasturtean, eta etxeko lanetan lagundu eta ikasketa teknikak indartu zituen.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburuak gaur aurkeztu du programaren txostena, eta datorren ekitaldiari begira izango diren nobedadeen berri eman du.

Sailburuak Bilbon egin du agerraldia goizean, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Oscar Granado Aukerak Suspertzen programako koordinatzailea lagun zituela.

Ukrainako adingabeak

Artolazabalek iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak "300.000 euro gehiago bideratuko ditu Ukrainatik datozen adingabeei ere laguntzeko". Horren hitzetan, Aukerak Suspertzen ekimenaren helburua "balio sozialekin konpromisoa duen gizarte bat sortzea da".

Agintzari gizarte ekimeneko kooperatiba da programaren buru, eta Aukerak Suspertzen ekimenak parte-hartzaileen kopurua hirukoiztu du urtebetean. Horrela, 22 erakundek eta 3 elkartek osatzen dute ekimena gaur egun hiru lurraldeetan, 2020an programa hasi zenean 8 erakundek eta 7 elkartek osatzen zuten arren.

Oscar Granadoren ahotan, lankidetza sare zabalagoa sortzea ahalbidetu du programak, "beharrizanak hobeto antzemanez eta arreta integralagoa eskainiz".

Aukerak Suspertzen Inor Atzean Utzi Gabe COVID Funtsaren bidez martxan jarritako zortzi programetako bat da. Eusko Jaurlaritzak 2020an jarri zuen abian funtsa, mundu mailako pandemiak areagotutako arrisku, bazterketa eta pobrezia egoerei aurre egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Umeak