Gizartea -
Murrizketen ondorioak
Arartekoak umeen eta nerabeen artean pobrezia igo dela ohartarazi du
Iñigo Lamarcak adingabeen oinarrizko beharrak bermatzeko "atzeranzko pausorik ez" emateko exijitu die erakundeei.
Erredakzioa
Iñigo Lamarca Arartekoak murrizketek eraginda ume eta nerabeen artean pobrezia igo egin dela ohartarazi du eta erakundeei adingabeen oinarrizko beharrak bermatzeko "atzeranzko pauso bakar bat ere ez" emateko exijitu die.
Haur eta Nerabeentzako Bulegoak kudeatzen dituen jarduera, kexa eta erreklamazioen berri emateko prentsaurrekoa eman du asteazken honetan Lamarcak.
Elena Ayarza zuzendari duen bulegoak 294 kexa bideratu zituen 2011n, baina adingabeekin eta nerabeekin lotutako beste erreklamazio batzuk ere izan zirela gaineratu dute, horiek, ordea, Arartekoaren beste sail batzuek kudeatuko dituzte.
Arartekoak orain arte gizartearen erdi-beheko klasekoak ziren familia askok krisi ekonomikoa dela eta bizi duten bazterketa arrisku egoeraren berri eman du prentsaurrekoan.
Egoera hori bizi duten adingabe asko bizitzeko gutxieneko baldintzak betetzen dituzten etxebizitzetan daudela ohartarazi du, elikadura desegokia dutela eta hezkuntza zein aisialdi jarduerez gozatzeko ezintasuna agerian utzi ditu. Hala, askok ikasketak goiz utzi behar izaten dituztela ohartarazi dute.
Lamarcaren esanetan, EAEn adingabeei zuzendutako babes sozialaren egoera "nahiko ona" da, baina "mugan" dagoela ohartarazi du.
Hala, oraingoz ez dutela adingabeen arretarako programetan murrizketarik sumatu ziurtatu du Arartekoak, baina Euskadin Rajoyren Gobernuak hezkuntzan eta osasunean iragarritako neurriak martxan jarriz gero, adingabeen kolektiboak ondorioak jasango dituela ohartarazi du.