Gizartea -
donostia
Aske utzi dituzte Realaren eta Betisen partidu aurreko istiluetan atxilotutako bi pertsonak
Bi pertsona atxilotu zituzten ostiralean desordena publikoa egotzita, Anoeta futbol zelaiaren inguruan izandako istiluen ostean.
agentziak | eitb media
Ostiralean istiluak izan ziren Donostiako Anoeta futbol zelaiaren inguruetan, Realaren eta Betisen arteko partiduaren aurretik. Orduan atxilotutako bi pertsona aske utzi dituzte larunbat honetan, epailearen aurrean agertu ostean.
Ustez, atxilotuek liskarretan parte hartu zuten, eta desordena publiko delitua egotzi zieten. Lau pertsona zauritu ziren, gutxienez.
Ostiral arratsaldeko hirurak aldera hasi ziren istiluak. Ertzaintzak deia jaso zuen, Amara auzoan, Reala eta Betis jokatzekoak ziren Anoeta zelaiaren hurbileko kale batean, liskarrak izaten ari zirelako zenbait pertsona talderen artean. Ertzaintzaren zenbait patruila bertaratu ziren orduan, eta dozenaka pertsona ikusi zituzten Zorroaga kalean bilduta; talde horietako batzuk borroka betean, eta beste batzuk hiri-altzariak eta bestelako ondasunak hondatzen.
Hori dela eta, zenbait pertsona identifikatu zituzten, eta horietako bi atxilotu, desordena publikoa egotzita. Gainera, gutxienez lau pertsona arin zauritu ziren, eta anbulantzian eraman zituzten ospitalera. Atxilotuak, 25 urteko bi gizon, polizia-etxera eraman zituzten, zegozkien izapideak betetzeko, eta epailearen esku gelditu dira larunbat honetan, beranduago aske gelditzeko.
Bestalde, ikerketaren hurbileko iturriek jakinarazi dute zauritutakoak Betiseko zaleak liratekeela, eta atxilotuetako bat Alavesen jarraitzailea zela.