Gizartea -
euskadi
Aste Santu honetako itzulera operazioak bat egingo du indarrean dagoen trafiko araudi berriarekin
Trafiko Lege berrian jasotako gakoetako batzuk eta jario handiena izan ohi duten errepide tarteak gogora ekarri ditugu.
itxaso leon kareaga | eitb media
Igande honetan, hilak 17, eta astelehenean, 18an, izango den itzulera operaziorako prestatzen ari da Euskadi; turismoari eta mugikortasunari dagokienez ohiko itxura berreskuratu duen Aste Santu baten ostean.
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak 490.000 joan-etorri aurreikusi ditu Aste Santurako, 2018an baino % 6,9 gehiago.
Unera arte, joan-etorri ugaritasun horrek ez du arazo handirik eragin, baina gogora ekarriko dugu zeintzuk izaten diren oporraldietan errepiderik jendetsuenak.
Zirkulazio jario handienak izango dituzten errepideak
Sonia Diaz de Corcuera Trafiko zuzendariak euskal errepide sarean zirkulazio jario handiena izango duten puntuak birpasatu zituen, aste hasieran.
Hain zuzen ere, A-8 errepidean, Kantabriako mugan, AP-8 autobidean Biriatuko ordainlekuan eta AP-1 eta A-1 errepideen arteko elkargunean, Armiñonen izango dira. Azken puntu horretan, ikusiko da trafikoak zer portaera izango duen AP-1 autobidea Burgos eta Armiñon artean liberalizatu ondoren.
Araudiaren berritasun nagusiak
Martxoaren 21etik aurrera, Espainiako Estatuko errepideetan arau berriak sartu ziren indarrean. Kongresuak abenduan onartu zuen Trafikoaren eta Bide Segurtasunaren Legearen erreforma.
Hona hemen lege berriaren gakoetako batzuk, itzulera operazioari begira.
- Errepide arruntetan autoek eta motorrek beste ibilgailu bat aurreratzeko abiadura muga 20km/h gainditzerik ez dute izango aurrerantzean.
- Mugikorra eskuan gidatzeagatik 6 puntu galduko dira; orain arte 3 kentzen zituzten. 200 euroko isuna eta 3 puntuko zigorra mantentzen dira, urratzaileak mugikorra erabili, baina eskuan ez badu.
- Errepidean edo inguruan suteak piztu ala istripuak eragin ditzaketen objektuak botatzeagatik 6 puntu galduko dira (lehen 4 ziren).
- Txirrindulariak arriskuan jarriz edo oztopatuz ala 1,5 metroko gutxieneko tartea gorde gabe aurreratzeagatik sei puntu galduko dira (lehen 4 ziren).
- Segurtasun-uhala, haurrak lotzeko sistemak, kaskoa eta beste babes osagai batzuk ez erabiltzeagatik edo modu egokian ez egiteagatik lau puntu kenduko dituzte (lehen 3).
- Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen (patineteak, esaterako) gidariek kaskoa derrigorrez erabili beharko dute.
- Ibilgailuan radarrak antzemateko mekanismoak edo zinemometroak izatea hiru punturen galerarekin zigortuko dute, ez soilik erabiltzea orain arte bezala.
- Txirrindulariek hirietan izaten dituzten arazoei aurre egiteko, bidegorri batean aparkatzea arau-hauste larritzat hartuko da.