Gizartea -
Antxoaren kanpaina
Mila tona antxoa baino gehiago harrapatu dituzte jada
Herritarren artean antxoaren kontsumoa indartzeko kanpaina hasi du Eusko Jaurlaritzak 'Iritsi da Kantauri itsasoko altxorra' lelopean.
Erredakzioa
Mila tona antxoa baino gehiago deskargatu dituzte jada euskal portuetan, eta batez beste 3,40 euroan saldu dute lonjan. Pilar Unzalu Arrantza sailburuak espezie honen egungo kanpainaren balantzea egin du, eta “normalizazio bidean” dagoela gaineratu du.
Eusko Jaurlaritzak kanpaina bat aurkeztu du gaur Donostian, “Iritsi da Kantauri itsasoko altxorra” lelopean, herritarren artean Kantauri itsasoko antxoaren kontsumoa indartzeko eta, arrantzu hori itxita izan zen ia bost urteetan merkatuetan, jatetxeetan eta kontserba-industrietan galdu zuen lekua berreskuratzen laguntzeko”.
Kanpaina hasi denetik, ofizialki martxoan hasi zen baina apirilaren amaierara arte ez zuten harrapaketarik egin, Euskadin 1.013.213 kilo deskargatu dituzte eta kiloa batez beste 3,40 euroan saldu dute. Horrek guztira 3,5 milioi euroko “errentagarritasuna” eman dio arrantza sektoreari.
Iaz, 8.750 tona antxoa lehorreratu zituzten Euskadin, eta 18 milioi euro jaso zituzten horiekin, lonjan batez beste 2,06 euroan saldu baitzuten.