Gizartea -
Trafikoa
17 kilometroko pilaketak izan dira AP-8an, Irunen, Baionarako noranzkoan
Auto-ilarak 10:00ak aldera hasi dira sortzen. Egunotan errepidean ibili ezin izan duten kamioiak bidera atera dira eta pilaketak eragin dituzte. 21:15 inguruan bueltatu da normaltasuna.
Agentziak | EITB MEDIA
Kamioien joan-etorriak ilara luzeak eragin ditu egun osoan AP-8 autobidean, Irungo mugan, Baionarako noranzkoan.
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi duenez, pilaketak 10:00ak aldera hasi dira sortzen; izan ere, egunotan EAEko errepideetan zirkulatzeko baimenik izan ez duten kamioi asko eta asko errepidera atera dira gaur berriro. Horrek eragin du denbora gutxian trafikoa nabarmen astunagoa izatea.
Arratsaldeko lehen orduetan, 17 kilometroko ilarak izan dira muga aldean. Gainera, 18:30 inguruan, kamioi batek eta auto batek istripua izan dute N-1 errepidean, Andoainen, Irungo noranzkoan, eta 7 kilometroko pilaketak sortu dira, ibilgailuak bidetik kendu eta ilarak desegin arte.
21:15 aldera bueltatu da normaltasuna Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugara.