Gizartea -

Jaurlaritzaren ikerketa

Kontrola, mehatxuak eta garrasiak indarkeria matxista dira?

Euskal emakumeek ezetz uste dute, baina eraso psikologikoak indarkeria matxistaren lehendabiziko adierazleak izan ohi dira.

Garrasiak edo irainak pairatzea, indarkeria matxistaren adierazle dira.
Garrasiak edo irainak pairatzea, indarkeria matxistaren adierazle dira.
Garrasiak edo irainak pairatzea, indarkeria matxistaren adierazle dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datu kezkagarri bat: euskal emakumeek ez dituzte pertsonen gaineko kontrola, garrasiak, irainak edo mehatxuak indarkeria matxistarekin lotzen. Hala ondorioztatu daiteke Eusko Jaurlaritzak emakumeen aurkako indarkeriari buruz egindako ikerketan batetik. Ikerketaren arabera, 16 urtetik gorako emakumeen % 12,5ek onartzen dute indarkeria matxistaren biktima izan direla noizbait. Kasu gehienetan, erasotzaileak bikotekideak edo bikotekide ohiak izan dira, baina familiaren baitan, lantokian eta kalean ere jasan dituzte erasoak. Alabaina, "mikromatxismoak" deitutako adierazleak (emakume bat jendaurrean mesprezatzea; iraintzea edo garrasi egitea; sozialki isolatzea; biktimaren bizitza kontrolatzea...) aztertzerakoan datu hori % 29,6ra hazten da. Mariola Serrano Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako Bulegoko zuzendariak ohartarazi du "mikromatxismo" horiek genero indarkeriaren lehendabiziko adierazleak direla eta, ondorioz, ezinbestekotzat jo du lanean jarraitzea, "emakumeek horrelako jarrerak indarkeriarekin lotu eta neurriak garaiz har ditzaten". Ikerketaren arabera, emakumeek aintzat hartzen dute indarkeria psikologiko horrek eragiten duen kaltea, baina indarkeria hori indarkeria matxistarekin identifikatzeko "zailtasunak" dituzte.

Ordutegien, telefonoaren eta posta elektronikoaren kontrola

“Mikromatxismo” gehienak bikotekide edo bikotekide ohiak egiten ditu eta, batez ere, 30 urtetik beherako emakumeek pairatzen dituzte. Emakumeak errudun sentiarazten dituzte, “behar den moduan” artatzen ez dituztelako, ez diete uzten euren familia eta lagunak ikusten, eta ordutegiak, telefono mugikorra eta posta elektronikoa kontrolatzen dizkiete.

Gizarte eremuan ere, indarkeria matxistak era berezian eragiten die 30 urtetik beherako emakumeei. Adin horretakoek sexu-exhibizionismoa ikusi dute, jazarpenak eta nahi ez zituzten ukituak pairatu dituzte lokaletan, kalean atzetik segika joan zaizkie, garrasiak, irainak eta mehatxuak jasan dituzte, eta beste pertsona batzuen aurrean egoera txarrean utzi dituzte.

Ikerketaren arabera, indarkeria pairatzen dutela dakiten emakumeen % 30,8k hamar urte baino gehiago daramatzate egoera horretan, eta % 30,8k, urtebete eta 5 urte artean.

Talde horretako emakumeen % 75ek ez dute inoiz salaketarik jarri euren erasotzailearen kontra, eta hala ere iaz % 14 egin zuen gora indarkeria matxistagatik jarritako salaketen kopuruak. Horri aurre egiteko dauden “bitartekoen aurrean egun konfiantza handiagoa” dagoela erakusten du horrek, Serranoren iritzian, baina emakume askok oraindik ere euren etxeetan isilpean sufritzen jarraitzen dutela deitoratu du.

Oro har, euskal herritarren % 82,2ren ustez (emakumeen iritzian, bereziki), indarkeria matxista lehen mailako arazoa da gizartean eta % 66,9ren aburuz, azken urteetan kasuak ugaritu egin dira.

Serranoren esanetan, datu horiek erakusten dutenez, “herritar gehienek badute luzaroan ezkutuan izan den arazo horren berri” eta badakite Euskadin “arazo larria” dela.

Uste okerrak

Nolanahi ere, “uste okerrak” daude oraindik indarkeria matxistaren inguruan: indarkeria matxistaren kasu gehienen atzean drogak eta alkohola daudela uste dute herritar askok (galdetutakoen % 51,6 “ados” edo “erabat ados” daude iritzi horrekin), erasotzaileek arazo psikologikoak izaten dituztela (galdetutakoen % 47,8k) eta eraso gehienak estres handiak edo erasotzaileak une batean bere buruaren kontrola galtzeak eragiten dituztela (% 46,6).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea