Gizartea -
Azpeitian
Erasoa, bi gizonekin batera sexu harremanak izateari uko egiteagatik
Senarrak lagun batekin batera sexu harremanak izatera behartu eta ezezkoa jasotzerakoan, eraso egin dio. Bestalde, Bilbon beste bi lagun atxilotu dituzte emakumeen aurkako indarkeriagatik.
Erredakzioa
Ertzaintzak 39 eta 42 urteko bi gizonezko atxilotu ditu Azpeitian horietako baten emazteari eraso egiteagatik. Ustez, bi gizonekin batera sexu harremanak izatea proposatu zioten, baina emakumeak uko egin eta eraso egin zioten.
Goizaldeko 01.30etan gertatu da erasoa biktima eta bere senarra bizi diren etxebizitzan. Senarraren lagun batekin batera zeuden eta biekin sexu harremanak izatera behartu zioten. Ohera bota eta kolpeak eman zizkioten saihets-hezurretan. Emakumeak ihes egitea lortu eta Ertzaintzarengana jo zuen.
Bi gizonezkoak atxilotuak izan dira genero indarkeria delitua egotzita. Emakumea ospitalera eraman dute eta aurretik tratu txarrak pairatu izan dituela esan du.
Bestetik, beste bi gizonezko atxilotu dituzte larunbatean Bilbon bikotekideei eraso egiteagatik.
21.00etan, Bilboko alde zaharretik abisua jaso du Ertzaintzak, gizonezko bat emaztea joka ari zelako. Aurretik ere tratu txarrak jasan izan dituela eta salaketak jarri dituela esan du.
Ondoren, gauerdian, emakumeen aurkako beste eraso bat gertatu da Bilbon. Biktima, bikotekide ohiarekin batera izandako seme-alabak jasotzera joan da eta gizonezkoa mozkortuta aurkitu du. Orduan, gizonak eraso egin eta lurrean utzi du emakumea.