Gizartea -

Hondoratzea

Pertsona bat hil da eta 26 desagertu, haurrak tartean, Kanarietatik 245 km-ra patera bat hondoratuta

Itsas Salbamenduko ontziak 80 lagun zituen kubiertan aurreko bi erreskateetatik, eta pateran zihoazen 34 bidaiari (22 gizon, hamar emakume eta bi adingabe) salbu jartzea lortu du.

Patera bat, Lanzaroteko itsasertzean. EFEren artxiboko irudia.
Patera bat, Lanzaroteko itsasertzean. EFEren artxiboko irudia.
Patera bat, Lanzaroteko itsasertzean. EFEren artxiboko irudia.

EFE | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pertsona bat hil eta 26 desagertu dira Atlantikoan, 61 bidaiari zeramatzan patera bat hondoratuta, Kanaria Handitik 245 kilometro hegoaldera. Laguntzera zihoan erreskate-ontzi espainiar bat bidean zela hondoratu da patera, Itsas Salbamenduko bozeramaile batek Eferi baieztatu dionez.

Guardamar Caliope salbamenduko ontziak 80 lagun zituen kubiertan aurreko bi erreskateetatik, eta pateran zihoazen 34 bidaiari (22 gizon, 10 emakume eta 2 adingabe) salbu jartzea lortu du. Hala ere, ontziari buruz zituzten datuen arabera, Bojador lurmuturretik abiatu zen, Mendebaldeko Saharako kostaldean, 61 pertsonarekin, haurrak tartean.

Helena Maleno Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeko bozeramaileak Eferi azaldu dionez, ontzia artean ur-azalean zela hitz egin ahal izan zuten pateran zihoazenekin, eta GPS posizio batzuk eman zizkieten haiek; norabidea galduta hegoalderantz zihoazela nabari zen.

Malenok adierazi du oraingoz ez dakiela zer gertatu zitzaion paterari, baina ohartarazi du, familiak ematen ari diren informazioagatik, desagertutakoen artean emakume ugari eta haurtxoak daudela.

Itsas Salbamenduko ontzia 10:20 aldera iritsi da Arguineguingo portura (Kanaria Handia), hondoratzetik bizirik atera direnekin eta arratsaldean erreskatatu zituen beste bi zodiaketako bidaiariekin, 33 eta 47 pertsonarekin, hurrenez hurren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Migrazioa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Itsas istripuak gaur Kanariak Gobernuz Kanpoko Erakundeak