Gizartea -

Eguraldia

Giro lehor eta epela, apirileko azken asteburuan

Larunbata hodeitsua izango da, baina ez da prezipitaziorik espero. Igandean, berriz, eguzkia izango dugu nagusi, bereziki barnealdean. Tenperatura maximoak 20 ºC ingurukoak izango dira.

Barnealdean eguzkitsuago egongo da. Julia Llamas erabiltzaileak Elorrion ateratako argazkia.
Hodeiak eta ostarteak Elorrion (Bizkaia).
Barnealdean eguzkitsuago egongo da. Julia Llamas erabiltzaileak Elorrion ateratako argazkia.

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Giro lasaiarekin agurtuko da apirila, eta maiatzeko lehen egunean, eguzkia ikusteko parada izango dugu, EITB Mediako meteorologia zerbitzuak eta Euskalmetek egindako iragarpenaren arabera. Lurraldearen barnealdean eguzki tarte gehiago izango dira, kostaldean behe hodeiak gainetik kendu ezinda ibiliko baitira.

Egonkortzera egingo du ostiralean. Goizean goizeko behe lainoak desagertuta, giro eguzkitsua izango dugu ia denean. Arratsaldean, baina, bero hodeiak garatuko dira, bereziki mendi inguruetan, eta zaparrada txikiren bat utz lezakete Pirinioetan. Tenperaturak gora egingo du, nabarmen barnealdean eta 20 ºC-ak harrapa ditzake termometroak. Kostaldean, apalagoa izango da igoera, eta 17 ºC-ren bueltan mugituko dira maximoak.

Larunbatean estaliago egongo da zeru gaina, baina euri konturik ez dute utziko erdi mailako eta goi hodeiek. Isurialde atlantikoan tarteka behe hodeiak ager daitezke, batez ere kostaldean eta goizean. Haizeak iparraldetik joko du suabe, Nafarroan izan ezik (ziertzoa ibiliko da). Apur bat hoztuko du barnealdean, baina kostaldean berdintsu jarraituko du tenperaturak. Dena dela, epeletik jarraituko du, eta beroenak 20 ºC-ren bueltakoak izango dira.

Iganderako espero dugu giro onena, bereziki, barnealdean. Nolanahi ere, goizean goiz lanbroa eta behe lainoa ager daitezke barnealdeko toki batzuetan, eta behe hodeiak,  kostaldean. Gainerako orduetan giro eguzkitsua aurreikusi dute. Bezperan bezala, iparraldeko haizea ibiliko da, eta ondorioz, termometroetan ez da aldaketarik espero: 17-18 ºC, kostaldean, eta bizpahiru gradu gehiago (20-21 ºC), barnealdean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak