Gizartea -
Euskara
Euskara Aurrera egitasmoarekin bat egin eta maiatzaren 21ko manifestaziorako dei egin dute hamabi eragilek
Nabarmendu dute euskarak "nahi baino zailtasun eta erronka gehiago" dituela XXI. mendean oraindik, baina badela "herri gogo eta energia nahikorik euskarak behar duen herri bultzada martxan jartzeko".
O. P. | EITB Media
Euskalgintzako hamabi eragilek bat egin dute apirilaren 5ean aurkeztu zen Euskara Aurrera egitasmoarekin eta, atxikimendua adierazita, maiatzaren 21an Donostiako Antiguako tuneletik abiatuko den manifestazioan parte hartzera dei egin dute.
Manifestazioa abiatuko den puntuan elkartu dira euskalgintzako honako ordezkariak Paul Bilbao (Euskalgintzaren Kontseilua), Kike Amonarriz (Euskaltzaleen Topagunea), Urko Aierbe eta Koldo Zarate (Euskal Herrian Euskaraz), Lorea Agirre (Jakin), Jon Abril (Elhuyar), Alex Aginagalde (Pantailak Euskaraz), Rober Gutierrez (Bai euskarari), Laida Begiristain (Maizpide euskaltegia), Koldo Tellitu (Ikastolen Elkartea), Alizia Iribarren (AEK) eta Joan Mari Larrarte (Elkar). UEMAk ere bat egin du aldarrian, ekitaldian izan ez arren.
Nabarmendu dute, "euskalduntzeak bide zaharrak eta erronka berriei erantzuteko gaitasuna uztartu behar dituela" ikusi dela iragan asteburuan, eta gaineratu "larunbatean Iruñean eta igandean Senperen milaka euskaltzalek, nahiz Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz irudikatzen duten pertsonek, kaleak eta laku ertzak hartu" zituztela, "euskararen aldeko herri gogoa badela eta aurrerantzean egongo dela adieraziz".
Halere, azpimarratu dute, euskarak "nahi baino zailtasun eta erronka gehiago" dituela XXI. mendean oraindik, eta hori eraldatzeko, "parez pare begiratu behar" zaiola egoerari. Aipatu dute, besteak beste, "euskararen aurkako epai juridikoak areagotu" egin direla azken garaiotan, eta erantsi, "egungo hizkuntza politikak aski-ezak" direla euskarak esku artean dituen erronkei erantzuteko. "Ezagutzaren unibertsalizazioa egia bilakatzeko urrats erabakigarriak faltan dira eta eremu digitalean euskarak presentzia duina izan dezan neurri berriak behar dira", eragileen iritziz.
Euren esanetan, "gaur gaurkoz ezin dezakegu esan euskararen etorkizuna bermatuta dagoenik. Euskara XXI. mendera bizirik heldu bada, milaka euskaltzaleren konpromisoari esker izan da. Etorkizunean euskarak aurrera egingo badu milaka euskaltzaleren konpromisoari esker izango da".
Bide horretan, diotenez, ikusten dute "kimu berririk eta argi izpirik". Izan ere, azpimarratu dute Euskalgintzak bere eguneroko jardunean "herri hau euskaratik eta euskaraz eraikitzen" jarraitzen duela. Horren adibide, "igaro berri dena inoizko Korrika jendetsuena eta indartsuena" izan dela edo Gazte Euskaltzaleen Sarea sortu izana "gazte belaunaldi berri bat euskararen aldeko borrokara batzeko asmoz".
Hala, nabarmendu dute badela "herri gogo eta energia nahikorik euskarak behar duen herri bultzada martxan jartzeko" eta aurrera urratsak egin beharra aldarrikatu dute " euskaldun gisa bizitzeko eskubidea eta nahia betetzeko; euskara normalizatzeko; hizkuntzen, hizkuntza-komunitateen eta herrien berdintasunean oinarritutako munduari gure ekarpena egiteko; guztion hizkuntza eskubideak errespetatzeko; euskara herri kohesiorako zuntza izateko eta, finean, Euskal Herri euskalduna izateko".
Honegatik guztiagatik, Maiatzaren 21ean 17:30tan Donostian Antiguako tuneletik abiatuko den manifestazioan izango direla adierazi dute eta dei egin diete "euskaltzale guztiei deialdi honetara batu daitezen eta elkarrekin urrats erraldoia eman dezagun. Orain da unea. Egin genuen eta berriz ere egingo dugu!"
Euskara Aurrera ekimena
Apirilaren 5ean aurkeztu zen Euskara Aurrera ekimena, Gazte Euskaltzaleen Sareak bultzatuta, euskararen aldeko manifestazio nazionala izango duena hitzordu nagusi.
Aurkezpenean salatu zutenez, "azken urtean izan diren euskararen aurkako erabaki judizialak, euskararen erabilera datuek erakusten duten geldialdi zantzua, pantailetan euskarak duen presentzia murritza edota euskaraz ikasteko eskubidea behin eta berriz urratzea".
Nabarmen zuten euskaldunek "egoera zilei aurre egiteko sena" duten arren, Euskal Herria berreuskalduntzeko eta euskara normalizatzeko bidean, "mehatxu berriak eta, beraz, erronka berriak" daudela gaur egun.
Horregatik, Gazte Euskaltzaleen Sareak dei egin zien gazteei "euskararen aldeko olatura" igotzeko, eta horiei eta euskaldun guztiei ez ezik, "Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz imajinatzen duten herritar" orori manifestazioan parte hartzeko deia egin zieten.
Protesta martxa iragarri zutenetik, atxikimenduak biltzen ari dira http://labur.eus/euskaraaurrera webgunean.