Gizartea -
Lapurdi
Etxerik gabeko gizon bat larri zauritu dute Biarritzen, azidoarekin eraso eginda
Ustezko egilea goizaldean atxilotu dute, erasoa gertatu eta ordu gutxira. Baionako Fiskaltzak ikerketa abiatu du, hilketa saiakera egotzita.
EiTB Media
Etxerik gabeko gizon bati azidoarekin eraso diote astearte honetan, 04:00ak aldera, Biarritzen (Lapurdi), SudOuest-ek aurreratu duenez. Biarrizko poliziek gizona larri zaurituta aurkitu dutela zabaldu du komunikabideak, Actu.fr atariaren informazioa aipatuz.
Baionako Fiskaltzak ikerketa abiatu du, hilketa saiakera egotzita. Ustezko egilea goizaldean atxilotu dute, erasoa gertatu eta ordu gutxira.
Antza denez, biktima azidoarekin erre eta jipoitu egin dute. Larrialdi zerbitzuek gizona berehala artatu, eta Aguilera klinikara eraman dute, baina erreduren larritasuna ikusita, Bordeleko Pellegrin zentroan ospitaleratzea erabaki dute.