Gizartea -
Ipar Euskal Herria
Eric Olhats futbol ikuskatzailea atxilotu dute adingabe bat bortxatzea egotzita
Jerome Bourrier Baionako fiskalak baieztatu duenez, Baionako Aviron taldeko gazteen entrenatzailea zenean, duela 22 bat urte, jazo omen zen erasoa, baina biktimak orain salatu du.
EITB Media
Baionako Polizia Judizialak Eric Olhats futbol ikuskatzailea atxilotu zuen atzo, adingabe bat bortxatzea egotzita, Jerome Bourrier Baionako fiskalak gau baieztatu duenez.
Informazioaren arabera, bortxaketa 90 hamarkadako amaieran eta 2000. urtearen hastapenetan jazo zen, Olhats Baionako Aviron taldeko gazteen entrenatzailea zen artean. Bertako jokalari ohi batek haren kontrako salaketa aurkeztu zuen iazko abuztuan, eta ikerketa egin ostean, atzo atxilotu zuen Poliziak.
Eric Olhats, 59 urteko baionarra, ezaguna da futbol munduan. Realeko Antoine Griezmann jokalaria ohia berak aurkitu zuen Realeko ikuskatzailea zenean. Griezmannen ordezkaria ere izan zen urte luzez. Gaur-gaurkoz, Atletico Madrilen ikuskatzailea da Frantziako Estatuan.
Ez da lehen aldia Olhats adingabeen kontrako delituetan nahasita dagoela. 2009an, adingabeak galbidean jartzegatik epaitu eta zigortu zuten. Realeko ikuskatzailea zen artean, eta behin-behinean taldetik kanporatu zuten txuri-urdinek. Nolanahi ere, handik gutxira berriro jarri zuten karguan, eta 2018ra arte jardun zuen.