Gizartea -

Gipuzkoa

Bi hegazti-gripe kasu antzeman dituzte Gipuzkoan basozainek jasotako saien artean

Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du hegazti-jatorriko elikagaiak kontsumitzea ez dela arriskutsua, animalia horiek H5N1 birusarekin kutsatuta egon arren.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainek Azpeitia eta Beasain artean hartu zuten sai batek patogenotasun handiko H5N1 birusa duela jakinarazi du gaur Eusko Jaurlaritzak.  

Animali basatiak artatzeko Urnietako Arizmendi zentrora eraman zuten, ebaluazioa egiteko. Han beste hiru sairekin egon zen kontaktuan eta horietako bat kutsatu zuen.  

Azken hilabeteetan, Frantzian hainbat kasu agertu ostean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontrol neurriak zorroztu dituzte, besteak beste, hezeguneetan eta hegaztiak pilatzen diren eremuetan.

Halaber, foru aldundiak eta Eusko Jaurlaritza prebentzioko kontrolak egiten ari dira, infekzioak lehenago detektatzeko eta balizko kutsatzeak ekiditeko.

Ildo berean, hegazti-ustiapenetan biosegurtasun neurriak indartu dituzte, hegazti basatiekin kontakturik izan ez dezaten. Horrela, bada, etxeko hegaztiak konfinatzea gomendatu dute.  

Autokontsumorako hegaztien jabeei ere neurri horiek aplikatzeko eskatu diete. "Gaixotasun hori ez da arriskutsua pertsonentzat, baina sektorean galera ekonomikoak eragiten ditu; izan ere, ustiategi batean hegazti-gripearen kasuak atzematen badira, ustiategiko hegazti guztiak hil behar dira", azaldu du Jaurlaritzak bere oharrean.

Hegazti-gripea gaixotasun birikoa da, eta, gehienetan, hegaztiei baino ez die eragiten. Birus horren andui batzuk oso patogenoak dira, oso-oso kutsakorrak hegazti-espezien artean, eta hilkortasun-tasa handia izaten da kutsatutako hegaztien artean. Espainiako patogenotasun handiko hegazti-gripearen (PHHG) egungo olatu epizootikoan H5N1 azpimota da nagusi.

Espainian, joan den urtarrilaren 1etik aurrera, PHHGren 31 foku jakinarazi dira eskortako hegaztietan eta 37 kasu hegazti basatietan. Europan, berriz, 2021eko udazkenaz geroztik, birus horren 4.500 foku baino gehiago detektatu dira. Euskadin ez zen hegazti-gripearen fokurik detektatu duela 15 urte baino gehiagotik.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak