Itxi

Gizartea

Osasun Sexualaren legea

Abortuaren legearen erreforma onartu du Espainiako Gobernuak, emakumeei sexu eskubide gehiago aitortuta

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Hileko mingarriengatik baja eskatu ahalko da eta haurdunaldia eten nahi dutenei bidea erraztuko zaie. Bestalde, hileko produktuen BEZa ez da ukituko eta ez dituzte haurdunaldi subrogatua atzerrian erabiltzen dutenak zigortuko.

  • Manifestazio feminista bat, Bilbon.

    Manifestazio feminista bat, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

Osasun Sexualaren Legea —abortuaren legea bezala ezagutzen dena— erreformatzeko aurreproiektua onartu du gaur Espainiako Gobernuaren ministroen kontseiluak. Erreformarekin sexu eskubide gehiago izango dituzte emakumezkoek. Besteak beste, haurdunaldia eten nahi dutenek oztopo gutxiago izango dituzte. Eskubideak zabaltzeaz gain, berriak ere aitortuko dituzte. Hala nola, hileko mingarriak dituzten pertsonek baja eskatuko ahalko dute eta haurdunek erditu aurreko baimena izango dute 39. astetik aurrera.

Nolanahi ere, hasierako asmo batzuetan atzera egin behar izan du Berdintasun Ministerioak (Unidas Podemos), PSOErekin egindako negozioen ostean. Hala, hileko produktuen (konpresak, tanpoiak eta halakoek) BEZak bere horretan jarraituko du, hots, % 10ean. 'Tasa arrosa' deitu izan dena % 4ra jaisteko edo guztiz kentzeko proposamena zuen Berdintasun Ministerioak, baina oraingoz, ez da adostasunik izan. Horrez gain, erditu aurreko baimena haurdunaldiaren 39. astetik aurrera izango da, eta ez 36. aurrera. Azkenik, haurdunaldi subrogatuak legez kanpokoa izaten jarraituko du, baina ez dituzte zigortuko atzerrian praktika hori erabiltzen dituztenak.

Irene Montero Berdintasun ministroak agerraldia eskaini du kontseiluaren ondotik. Iragarri duenez, erreforman jasotako aldaketek 104 milioi euroko kostua izango dute. Nabarmendu duenez, emakumeei "hobeto bizitzeko" aukera emango die, "euren gorputzen gaineko erabakitzeko" gaitasuna emango dielako edota "hileko osasuna bermatuko" dielako. "Amaitu da lanera pilulen eraginpean joatearena", gaineratu du. Mugimendu feministarentzat "esker oneko" hitzak izan ditu Unidas Podemoseko buruzagiak. "Lege hau ez litzateke posible izango feministen lana gabe", azpimarratu du.

Ondoren, erreformaren punturik garrantzitsuenak laburbildu ditu:

Abortua

Bibiana Aido Berdintasun ministro ohiaren abortuaren legean jasotako eskubide bat errekuperatu du zirriborroak: 16 eta 17 urteko adingabeek ez dute gurasoen baimenik beharko haurdunaldia eteteko. 2010 eta 2015 urteen artean, eskubide hori bazuten emakume gazteek, baina Rajoyren Gobernuak ezinbesteko egin zuen legezko tutoreen baiezkoa, 2015eko erreforman.

Horrez gain, desgaitasunen bat duten emakumeei eskatzen zitzaien tutoretza ere kenduko da. Halaber, haurdunaldia eten baino lehen andreei galdegiten zitzaien hiru eguneko gogoeta ezabatuko du legeak.

Azkenik, abortua zentro publikoetan egiteko eskubidea aitortuko du legeak: emakumeei etxetik gertuen duten erietxean haurdunaldia eteteko eskubidea bermatuko zaie. Gaur-gaurkoz, abortuen % 20 baino ez dira egiten osasun publikoaren sarean.

Ildo horretan, aurreproiektuak kontzientzia eragozpena argudiatzen duten profesionalen erregistroa (Eutanasia Legearekin egin den bezala) osatzea proposatuko du. Erregistro horrek bateragarria izan beharko du ospitale publikoetan abortuak egiteko profesional nahikoa egotearekin. Abortatzeko bi modu eskainiko dituzte: botiken bidezkoa eta ebakuntza bidezkoa.

Hileko mingarriengatik, baja

Eskubide berriei dagokienez ("iraultzailea", Montero ministroaren esanetan), hilerokoan min handiekin ibiltzen diren pertsonei baja eskubidea aitortuko die aurreproiektuak. Eskubide hori jasotzen duen EBko lehen estatua izango da, horrenbestez, Espainia.

Bajak lehen egunetik Gizarte Segurantzak ordainduko ditu, ez enpresak; eta ez dute gutxieneko kotizaziorik eskatuko. Horrez gain, lanera ez joateko egun kopuru zehatzik ez du aurreikusi zirriborroak. Hartara, bakoitzak behar dituenak esleituko dizkio medikuak.

Hilekorako produktuen BEZa ukituko ez badute ere, ikastetxe eta espetxeetan doan banatzeko konpromisoa hartu du Gobernuak.

Sexu hezkuntza haurtzaroan eta nerabezaroan

Ikastetxeetan sexu hezkuntza eskaintzea derrigorrezkoa izango da, eta institutuetan musutruk banatuko dituzte antisorgailuak.

Ugalketa indarkeria

Behartutako abortuak, behartutako antzutzeak eta haurdunaldi subrogatua emakumeen kontrako indarkeriatzat jo ditu erreformak. Azken horri dagokionez, praktika hori egiten duten nazioarteko agentzia bitartekarien iragarkiak debekatuko dituzte, baina ez dituzte zigortuko atzerrian praktika hori erabiltzen duten pertsonak (legez kontrakoa da Espainian).

Espainiako Gobernuak urgentziaz izapidetuko du proiektua, baina oraindik Gobernuko ministerio ezberdinek, Estatu Kontseiluak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Fiskaltzak oniritzia eman behar diote testuari. Ondoren, ministroen kontseilura eramango dute berriro, Kongresuak eztabaida dezan.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena