Gizartea -

LGTBIFOBIAren kontrako eguna

Donostiako Ondarreta hondartzan eraso lesfoboa jasan dutela salatu dute hainbat emakumek

Igandean jazo zen erasoa. Bainatu ostean, gizon batek argazkiak egiten hasi zitzaien, eta emakumeek kargu hartu ziotenean, beste bat hurbildu zitzaien irain eta mehatxuak egitera. Erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu dute (15:00etan) tenis klubaren inguruan.

Ondarretako hondartzan izan zen erasoa, igandean. Argazkia: Txomin Rezola EITB Mediaren erailtzailea
Ondarretako hondartzan izan zen erasoa, igandean.
Ondarretako hondartzan izan zen erasoa, igandean. Argazkia: Txomin Rezola EITB Mediaren erailtzailea

E.G | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igandean Ondarreta hondartzan (Donostia) eraso lesfoboa jasan dutela salatu dute hainbat emakumek, eta gaur LGTBI+ fobiaren kontrako eguna dela baliatuta, hura salatzeko elkarretatzea deitu dute tenis klubaren inguruan.

Nagore Iturrioz aktibista feminista eta Steilas sindikatuko kideak salatu du erasoa, Twitterren duen kontuaren bitartez.

Txioan azaldu duenez, "infernuko pala txapelketaren ondoren, lagun talde bat hondartzara joan ginen bainua hartzeko asmoz". Bainua eta gero gertatu zen erasoa. Gizon batek "begiradak eta komentarioak" egin zizkien, eta argazkiak egiten hasi zitzaien. Irudiak ezabatzeko eskatu zioten berehala, eta une hartan, "surfa egitera zihoan gizon batek besteen jarrera defendatuz etengabeko eraso berbalean hasi zen", salatu du Iturriozek.

Bigarren gizon horrek aurpegiratu zienez, euren "itxura horrekin ez harritzeko jendeak argazkiak ateratzeaz eta ez kezkatzeko". Irain ugari bota zizkien, denak gazteleraz, eta horien hainbat adibide aipatu ditu aktibistak sare sozialean: "putas lesbianas", "putas zorras" edo "dais asco dais ganas de potar". Mehatxu ere egin zien.

Iturriozen esanetan, eraso lesbofoa ez ezik, "eraso lodifobo, matxista, putofobo, klasista eta faxista" ere izan zen. Salatu du, gainera, hondartzan inork ez ziela erasotzaileei aurre egin, ezta eurei babesa agertu ere.

"Gizarteak era horretako erasoak babesten dituen heinean, Donostiako hondartzak gizon heteroen espazio bilakatzen dira. Hau da Donostiako postala", kritikatu du.

Horren aurrean, "kolektiboki erantzuteko" beharra azpimarratu du, eta gaur 15:00etan tenis klubaren parean egingo duten "ekintza zuzenean" parte hartzeko deia egin die herritarrei. "Utzi Kursaala ortzadarrez margotzeari, ez izan erasotzaileen konplize", aldarrikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako azken albisteak Albisteak Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Homofobia Albisteak Ondarreta hondartza Matxismoa gaur LGTBI Steilas