Gizartea -

Osasuneko mahai sektoriala

Sindikatuak mahaitik altxatu dira, "eduki faltaren" eta Osakidetzaren jarrera "inposatzailearen" aurrean

Osakidetzak, aldiz, ibilbide profesionaleko eredu berria zehazteko orduan, sindikatuek eztabaidari eta adosteari uko egitea deitoratu du.

Manifestazio bat Basurtuko Ospitalearen parean, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
Manifestazio bat Basurtuko Ospitalearen parean, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
Manifestazio bat Basurtuko Ospitalearen parean, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sindikatuek Osasuneko mahai sektoriala berriro utzi dute, "eduki faltaren" eta Osakidetzaren jarrera "inposatzailearen" aurrean. Gobernu Kontseiluak iragan astean onartutako ibilbide profesionala eztabaidatzeko, ezohiko bilera deitu zuten.

"Modu harrigarrian", Osakidetzak jakinarazi die "2021ko abenduaren 31tik martxan egon beharko lukeen deialdia noiz gauzatuko den ez dakiela", kritikatu dute Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek agiri bateratu batean.

Osasuneko mahai sektorialeko sindikatu kideek azaldu dutenez, "inolako negoziaziorik eta edukirik gabeko foro baten historian kapitulu berri baten lekuko" izan dira.

Gogorarazi dutenez, iragan urtarrilean mahaitik altxa ziren, eta "informatiboa besterik ez den" foroa salatu zuten, "lortzen diren akordio eskasak ere errespetatzen ez dituelako".

Sindikatuen arabera, iragan astean, Eusko Jaurlaritzak "ibilbide profesionaleko deialdia onartu zutela zalaparta handiz iragarri zuen, mahaiko kide batzuek uztailean babesa eman ondoren".

"Modu harrigarrian, asmo txarra berriro erakutsiz, negoziatzeko asmorik gabe eta propagandaren bidean sakonduz, Osakidetzak deialdia martxan noiz jarriko den ez dakiela esan du", salatu dute.

Osakidetzak, ostera, ibilbide profesionaleko eredu berria zehazteko orduan, sindikatuek eztabaidari eta adosteari uko egitea deitoratu du.

Osasun Sailak jakitera eman duenez, Osakidetzako mahai sektorialak ibilbide profesionalaren eredu berria zehazteko eztabaida planteatu zuen, baina sindikatuek bilera utzi dute berriro, "zentzuzko arrazoirik eta negoziazioari aukerarik eman gabe; nahiz eta Osakidetzak haien zenbait eskakizun aintzat hartu".

Horregatik, "sindikatuen parte-hartzerik gabe" ibilbide profesionala deitu, diru banaketa erabaki eta eredu berri hori garatu dezakeela ohartarazi du Osakidetzak; "gaia eztabaidatzen denean, negoziazio mahaitik altxatzen direlako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak ELA LAB Lana Gizartea Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Osasunari buruzko albisteak Medikuak Sindikatuen albistea Erizaintza CCOO UGT Lan gatazkak gaur ESK