Gizartea -
ErNE sindikatua
Sergio Gomez de Segura, ErNEko idazkari nagusi berria, sindikatu "kritiko eta independente" baten alde
Roberto Seijok lekukoa eman dio idazkari berriari, eta horrek adierazi du aurrekoaren lanari jarraituko diola, erronka berriei aurre eginez, promozio berrien inguruan pausoak emanez, herritarren segurtasun-arazoei edo agente guztien baldintzak hobetzeko lanari lotutako urratsak emanez.
Agentziak | EITB Media
Sergio Gómez de Segura ErNEko idazkari nagusi berriak, "lana eta konpromisoa" agindu ditu Ertzaintzaren erronka berriei aurre egiteko. Asteartean aho batez aukeratutako ordezkariak, "inork haren gainetik gobernatzen ez duen sindikatu oso kritiko eta independente" baten alde egin du eta Segurtasun Sailarekin harremanak hobetzea espero du.
Sergio Gómez de Segurak Bilboko Euskalduna Jauregian egin ditu adierazpenok, Ertzaintzan gehiengoa duen ErNE sindikatuak XI. Kongresua egin duen lekuan. Roberto Seijok eman dio lekukoa buruzagi berriari, 16 urte baino gehiago idazkari nagusi izan ondoren.
Biltzarrean, hildako ertzainei omenaldia egin diete bideo baten bidez. ErNEko idazkari nagusi berriak esan duenez, lana, konpromisoa eta zintzotasuna "ez zaizkie faltako". Ertzain "bakoitzarengatik" lanean jarraitzea espero du, hori "garrantzitsuena" delako.
"Lanari jarraipena" emango diotela ziurtatu du, erronka berriei aurre eginez, "pausotxo bat aurrera" eman behar delako promozio berri, herritarren segurtasun arazo edo ertzain guztien lan baldintzak hobetzeko.
Delinkuentziaren arazo "handia" kalean, edo kirol ekitaldi handietan desordenak lehentasunak izango direla azaldu du. Zentzu horretan, segurtasun publikoan inbertsio handiagoa eskatu du, bereziki material eta trebakuntzan. "Punta-puntakoak" izaten jarraitu behar da, eta horretarako, Segurtasun Sailak eta Gobernuak Ertzaintza eta udaltzaingoak laguntzeko "dena ematea" beharrezkoa da.
Segurtasun Sailarekin harremanak hobetzea espero du Gomez de Segurak. Ziurtatu duenez, ErNEren ateak beti "zabalik egon dira", sindikatuaren 38 urteetan demostratu bezala. "Ertzaintzaren arrakasta handiak adostu dituen sindikatu bat gara, eta gure ideia negoziazioa zuzentzen jarraitzea da, sindikatu nagusia izatea", aldarrikatu du.
Ertzaintzako gainerako sindikatuekin izan beharreko harremanari dagokionez, ErNE sindikatu "oso kritiko eta independentea" dela azpimarratu du. Horregatik, "eztabaidatu" ahal izateko, "leialtasuna" eskatu du. Gainerako sindikatuetako ordezkariak ez dira biltzarrean izan