Gizartea -

Ama esnea

Euskadiko Ama Esnearen Bankuari esker, lau urtetan 500 haurrei bermatu zaie amagandiko edoskitzea

2017an martxan jarri zenetik 8.900 biberoi baino gehiago banatu ditu haur goiztiarrentzat edo pisu txikikoentzat eta dagoen eskaera osorik estaltzea bermatu du. Lehen lau urte hauetan 360 emaileren ama-esnea jaso du.

Ama esne bankua.
Ama esne bankua.
Ama esne bankua.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Edoskitze naturalaren aldeko laguntza sendotzeko 2017 martxan jarri zenetik, Euskadiko Ama Esnearen Bankuak (EAEB) euskal ospitaleetan dagoen eskaria estali du; izan ere, goizegi edo pisu txikiegiarekin jaiotzeagatik, eta medikuek hala gomendatuta, ama esnea behar izan duten haur guztiek jaso dute laguntza.

Hasieratik gaur arte 360 amek eman dute esnea dohaintzan: 187 emakumek Bizkaian, 92k Gipuzkoan eta 79k Araban. Guztira, 1.583 litro ama-esne jaso dira, eta 8.930 biberoi prestatu dira esne horrekin. Horri esker,  Neonatologia Unitateen beharrak estali ahal izan dira uneoro. 

Urteko lehen hiruhilekoan bakarrik, 14 emaile berri izan ditu euskal bankuak; 118,5 litro esne eman dituzte behar izan duten jaioberriak elikatzeko.

Maiatzak 19, Ama Esnea Dohaintzan emateko Munduko Eguna dela-eta, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eskerrak eman dizkie emaileei: "Harro egoteko modukoa da hain emakume altruistak eta solidarioak eduki ahal izatea, beren denbora eta ahalegina ematen dutenak behar duten haurtxoei laguntzeko, Banku honen bidez". Haurrek laguntza jaso ahal izatea posible egiten duten profesionalei ere eman dizkie eskerrak, Bankuko langileei, emaginei eta erizainei. 

Euskadiko Ama Esnearen Bankuak amagandiko edoskitzea bermatzen die haur goiztiar-goiztiarrei (kilo bat eta erdi baino gutxiagoko haurrei) edo 32 aste baino lehenago jaio direnei, ez baitute horretarako aukerarik. Garrantzi handiko laguntza da; izan ere, zientziak erakutsi du ama-esneak enterokolitis nekronizatzailea prebenitzen duela, jaioberrien heriotza eragin dezakeen gaixotasun bat.

Hain zuzen ere, Munduko Osasun Erakundeak (MOE), UNICEFek eta haurren zaintzan diharduten elkarte zientifikoek bizitzako lehen sei hilabeteetan haurrak bularra emanez soilik elikatzea gomendatzen dute eta, beste elikagai batzuekin batera, bi urtera arte edo amak eta semeak edo alabak nahi duten arte. Halakorik ez dagoenean, giza esnea da aukerarik onena.

Gaur egun, hamar gune daude gaituta ama-esnearen dohaintzak jasotzeko: Gurutzetako, Txagorritxu - Arabako, Donostiako eta Urdulizko ospitaleetan; Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa (TGE-EZ) Galdakaon; Durangoko eta Arrasateko anbulatorioetan eta Gasteizko Olaguibel anbulatorioan (4. solairua); eta Donostiako (Manuel Lekuona, 1 behea) eta Bilboko (Etxaniz Suhiltzailearen anbulatorioa) TGE-EZren egoitzetan. 

Osasun Sailak jakinarazi duenez, emaile izan daiteke aurreko hiru aste eta sei hilabete bitartean ama izan den edozein emakume osasuntsu eta bere haurrari bularra ematen ari dena zailtasunik gabe.

Informazio gehiago jaso nahi duen oro Euskadiko Ama Esnearen Bankuarekin jar daiteke harremanetan, posta elektronikoaren bidez, bancolecheeuskadi@osakidetza.eus, edo pediatrari, erizaintzako profesionalari edo emaginari kontsultatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasuna albisteak Albisteak Osakidetza Gizartea albisteak Gaurko titularrak Albisteak Osasun albisteak Umeak albisteak MOE albisteak gaur