Itxi

Gizartea

koronabirusa

Atzerriko bidaiariak Espainiako Estatuan sar daitezke test negatibo batekin, larunbat honetatik aurrera

agentziak | eitb media

Aire bidez zein itsaso bidez herrialdean sartuko diren bidaiariek hurrengo hiru ziurtagirietako bat aurkeztu beharko dute: txertaketa agiria, suspertze agiria edo proba negatiboa.

  • Madrilgo aireportua. Artxiboko argazkia: EFE

    Madrilgo aireportua. Artxiboko argazkia: EFE

Atzerritik iritsitako bidaiariak Espainiako Estatuan sar daitezke covid-19 test negatibo batekin larunbat honetatik aurrera, baldintzak malgutu dituen Barne Ministerioaren aginduaren arabera, azken Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratua.

Horrek zehazten duenez, aire bidez zein itsaso bidez Espainian sartuko diren bidaiariek, datozen lekutik datozela, hurrengo hiru ziurtagirietako bat aurkeztu beharko dute: txertaketa agiria, suspertze agiria (gutxienez infekzioa baieztatu eta 11 egun ostera igorria, 180 eguneko baliozkotasunarekin) edo proba negatiboa (PCR edo baliokidea, Espainiara iritsi baino 72 ordu lehenago egindakoa, edo aurreko 24 orduetan egindako antigeno proba).

Gainera, 12 urtetik beherakoak ziurtagiria aurkeztetik salbuetsita egongo dira. Era berean, airez edo itsasoz iritsitako eta Europar Batasunaren covid ziurtagiri digitala (edo Europar Batzordeak baliokide gisa onartutakoa) duten bidaiariek ez dute SPTH Osasun Kontrolerako Galdetegia bete beharko.

Hala, Espainiak ez die jada covid-19aren aurkako txertaketa ziurtagiririk eskatzen atzerriko bidaiariei. Hemendik aurrera, baldintza berdinak izango dituzte horiek eta Europar Batasunetik zein Schengen herrialde kideetatik datozen bidaiariek.

Reyes Maroto Industria, Merkataritza eta Turismo ministroak nabarmendu duenez, baldintzen berdinketa hori "albiste aparta" da, sektore turistiko espainiarrarentzat batik bat. Izan ere, europar ingurutik kanpoko turistei erraztuko die Espainia goi-denboraldian bisitatzea, "mugikortasun seguru bat bermatuz".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena