Gizartea -

EPAIA

Lleidan, 2018an, elur-jausi batean hildako mendizale bergararra CSICeko langilea zela aitortu du Justiziak

Unai Perez de Arenaza 2018ko martxoaren 22an hil zen mendi-istripuan, Salamancako kide batekin batera. Gainera, Roberto Sanchez Lasarteko ikerlaria, larri zauritu zen. CSICeko hiru goi karguren kontrako prozesu judizialak irekita jarraitzen du, langileen segurtasunaren kontrako delituagatik.

Istripua gertatu zen tokia. 2018ko bideo batetik hartutako irudia.
Istripua gertatu zen tokia. 2018ko bideo batetik hartutako irudia.

Istripua gertatu zen tokia. 2018ko bideo batetik hartutako irudia.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak (TSJC) ebatzi du 2018ko martxoaren 22an Val d'Aranen izan zen elur-jausian hil ziren bi pertsonak -horietako bat Unai Perez de Arenaza Bergarako bizilaguna- CSIC Ikerketa Zientifikoetarako Kontseilu Nagusiarentzako lanean ari zirela, kontraturik izan ez arren.

Lleidako epaitegi sozialak hildakoen eta Estatuko agentziaren arteko lan-harremana onartu zuen 2020ko abenduan kaleratutako epai batean baina CSICek helegitea jarri zion ebazpenari, biktimek mendiko gidari gisa lan egiten zutela eta espedizioan modu boluntarioan ari zirela argudiatuz. Kataluniako Auzitegi Nagusiak berretsi egin du, ordea, Lleidako auzitegiak esana eta lan-harremana zutela berretsi du. Estatuak orain, epaia onartu edo helegitea jar diezaioke Auzitegi Gorenean.

Kontuan izan behar da CSICeko hiru goi-kargu auzipetuta daudela istripuagatik eta epai honek eragina izan dezakeela prozesu horretan. Vielhako epaile batek (Lleida) CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko presidentearen eta bi kargudunen aurkako ikerketa zabaldu zuen 2021ean, langileen segurtasunaren kontrako delitua leporatuta. Rosa Menendez CSICeko presidentea eta garai hartan lan arriskuen prebentzioaz eta giza baliabideen kudeaketaz arduratzen ziren kargudunak dira auzipetuak.

Elur-jausia Conangles bailaran

Ezbeharra 2018ko martxoaren 22an gertatu zen, Conangles haranean, elur-jausi batek harrapatu zituenean. Espainiako Gobernuaren Ingurumen Ministerioaren menpekoa den CSICeko proiektu baterako ur-laginak hartzera joan ziren Redon aintzirara, elausoak harrapatu eta 90 metroko harkaitz bertikal batetik behera bota zituenean.

Bi pertsona hil ziren istripuan: Unai Perez de Arenaza mendizale bergararra eta Gaspar Giner Abati Salmancako biologoa. Gainera, Roberto Sanchez ikertzaile lasartearra larri zauritu zen.

Unai Pérez de Arenaza, montañero de Bergara fallecido. Captura de imagen de un vídeo de EITB Media.

Unai Pérez de Arenaza, montañero de Bergara fallecido. Captura de imagen de un vídeo de EITB Media.

 Ikerketa proiektuko zuzendariak hitzez errekrutatu zituen bi hildakoak, administrazio izapiderik eta inolako kontratazio eskaera formalik egin gabe.

Hori dela eta, Gizarte Segurantzak demanda bat aurkeztu zuen. Hildakoen senideak herri akusazio gisa aurkeztu ziren auzian, eta CSICeko goi-kargudunak inputatzea eskatu zuten, espedizioa prebentzio neurririk gabe egin zela iritzita. Bigarren epaia da oraingoa, lan-harreman aitortuz.

"Lana enpresak erabakitzen eta antolatzen duen moduan egiten da"

TSJCren epaiak dio hildakoek CSICekiko "dependentzia harremana" zutela, "ez zutelako inolako aukerarik lana euren ekimenez egiteko, enpresaren erabakien menpe zeuden". Ebazpenak dioenez, ezberdina litzateke, aintzirako laginak hartzea eskatu baliete eta eurek aukeratu balute "eguna eta modua", baina ez zen horrela izan.

Justizia Auzitegiak gogorarazten du "lana enpresak erabakitzen eta antolatzen duen moduan egiten dela, eta bere instalazioetan hasten dela". Gaineratzen du zientzialariek, "mendian zeuden baldintza gogorren aurrean, euren ezagutza eta esfortzu gaitasuna" besterik ez zutela jarri, "azpiegitura edo antolakuntzarik gabe".

Auzitegiaren iritziz, "argi dago hasieratik" hildakoek egingo duten lanaren emaitza "enpresak bakarrik erabiliko duela, eta enpresa dela onuradun bakarra". Gainera, espedizioko kideek CSICeko materiala erabili zuten.

Ebazpenak nabarmentzen du "bi langileak mendizale adituak zirela eta ez zirela ari mendiko gida lanetan, ikerketa egiteko beharrezkoa zen materiala eramaten baizik, inguruarekiko zuten ezagutza baliatuz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Lasarte-Oria Bergara Albisteak Mendiko istripuak Elauso-alerta mendian